Concepto Egilek Frantziako Toulouse taldea izango du aurkari aurkezpen partidan

Barren.eus 2016ko ira. 6a, 11:49

Concepto Egilek denboraldi berrirako osatu duen taldea zaleen aurrean aurkezteko partida handia prestatu du CD Debabarrena areto futbol taldeak. Frantziako bigarren mailan jokatzen duen UJS Toulouse taldearen (argazkian) aurka jokatuko du Conceptok zapatuan (irailak 10), IMH kiroldegian. 28 urteko kirol ibilbidean taldeak parte hartuko duen nazioarteko lehen partida izango da.

Denboraldi berria prestatzeko aurre-denboraldian murgilduta dago Concepto Egile areto futbol taldea, eta nazioarteko partida batekin aurkeztuko dute 2016-2017rako prestatu duten proiektu berria. “Estreinakoz jokatuko dugu nazioarteko partida bat eta zaleentzat partida benetan erakargarria izango dela uste dugu. Gainera, doakoa izango da sarrera”, azaldu dute Debabarrena klubeko arduradunek.
UJS Toulouse taldeak makina bat urtean jokatu du Frantziako areto futboleko mailarik gorenean, baina Bigarren Mailan dihardu orain. Iaz hirugarren postua eskuratu zuten Liga txapelketan. Gonzalo Iglesias “Morenin” espainiarra da Toulouseko entrenatzailea eta Frantziako selekzioan jokatu izan duten hiru jokalari dituzte taldean.
IMH kiroldegian jokatuko dute partida, zapatuan (irailak 10), 18:30ean.

•Ruandar bat aurpegi berrien artean 
Concepto Egilek eginiko fitxaketak kantxa gainean nola moldatzen diren ikusteko aukera eskainiko du aurkezpen partidak. Mahastiak Labastida taldetik fitxatu dituzten hiru jokalariak: Montxo, Xabi eta Mollor; Donga F.S taldetik datorren Leltxu atezaina; eta, Ruandako Norbert jokalari gaztea nabarmendu behar dira aurpegi berrien artean. Kontratua urtebete gehiago luzatu duen Jota Arregi entrenatzailearen aginduetara jarraituko dute era berean hainbat jokalarik: Trevi, Asier Gil, Javi Beitia, Gabi, Toba, eta Mikelek.

Azkenik taldea laga dute Kimetz, Iker Diez, Yahya, Jon Ander eta Imanolek.

concepto egile aurredenboraldia elgoibar