Euskadiko eta Kataluniako areto futbol selekzioek lagunarteko partida jokatu zuten lehenik Santurtzin, eta Euskadiko taldeak bisita itzuli zion Kataluniakoari, joan den domekan. Martorellen jokatu zuten partidan 5-3 nagusitu ziren kataluniarrak. Euskal selekzioko hautatzaileak Concepto Egileko lau jokalari deitu zituen partida hori jokatzeko: Asier Gil, Mikel Treviño, Ramon Del Campo “Motxo” eta Iñaki Mollor. Azken bi jokalari horiek Conceptok 2016-2017 denboraldirako fitxatu dituen jokalarietako bi dira. Labastida Mahastiak taldetik datoz biak. Izan ere, denboraldi berrirako taldea osatzen dihardute C.D. Debabarrena kirol-taldeko arduradunek.
•Lehen taldean jokatzeko probak
Debabarrena klubak Nazional B Mailan jokatzen duen Concepto Egileko jokalari izan nahi dutenentzako probaldia antolatu zuen joan den astean, eta 13 jokalari aurkeztu ziren IMH Kiroldegian egin zuten probara. Lehen taldeko jokalariekin batera entrenatu zuten Eskoriatza, Arrasate, Gasteiz edo Mutrikutik etorritako jokalariek. Kluba pozik dago jokalariek erakutsi zuten mailarekin eta, eta horietako batzuek Concepto Egilen lekua izan dezaketela adierazi dute. Horrelako deialdi gehiago egiteko asmoa dutela gaineratu dute.