Joan den barikuan jokatu zituzten Lagunak Pilota Eskolak antolatzen dituen txapelketako bigarren finalerdiak. Horietan Leire Garai izan zen finalerako txartela lortzen lehena, Maddalen Etxegarairi 22-12 irabazita emakumeen lau t’erdiko txapelketan. Honenbestez, Etxegarai pilotari oñatiarrak ezingo du iazkoan, txapelketaren estreinako aldian eskuratu zuen garaipena errepikatu. Zaramaga taldeko Leire Garaik C.D. Aurrera taldeko Goiuri Zabaleta leitzarra izango du aurkari final handian. 21:30ean hasiko da neurketa.
Gizonezkoei dagokionez, promesa mailako finalean, Ibarluzeak eta Cansecok B. Apezetxearen eta Landaren aurka jokatuko dute finala. Apezetxeak eta Landak 22-17 irabazi zieten Irribarriari eta Apeztegiari aurreko barikuan jokatutako finalerdian.
Nagusien mailan, Javier Oskoz (Lanz, 2001) nafarrak eta Markel Lizeaga hernaniarrak osatutako bikoteak Josu Igoa eta Antton Apezetxea nafarren aurka jokatuko dute. Oskozek eta Lizeagak Amianori eta Lozari 22-19 irabazita lortu zuten finalerako sailkatzea. Oberena taldeko Josu Igoa aurrelariak 2022ko San Anton txapelketa irabazi zuen gaur egun profesionaletan dabilen Aaron Arbizurekin bikotea osatuz. Igoa bera ere Baiko Pilota enpresaren radarpean dago eta egin izan ditu entrenamenduak enpresako puntako pilotariekin ere. Barikuan Apezetxea goizuetarra izango du lagun atzeko koadroetan. Iazko finalera ere heldu zen Apezetxea baina 22-20 galdu zuen Ander Muruarekin batera Iñaki Elolaren eta Ekain Lizeagarren aurkako finalean.
Txapelketak orain arte izan dituen 31 edizioetan goi mailako pilotariak igaro dira Elgoibartik, horietako asko profesionaletara igaro aurretik
• Bigarren finalerdietako emaitzak:
Emakumeen Lau t’erdiko txapelketa:
- Madalen Etxegarai 12 Vs Leire Garai 22
Gizonezkoen promesa maila:
- B. Apezetxea & Landa 22 Vs E.Irribarria & Apeztegia 17
Gizonezkoen senior maila:
- U. Amiano & Loza 19 - Oskoz Vs E.Lizeaga 22