Anoetan tribuna berri bat egin zuten lehenengo eta bigarren solairuen artean, eta une egokia iruditu zitzaien ordura arte beren kontura joaten ziren guztiak batu eta tribuna berri horretara lekualdatzeko. Hala, Jo Ta Sua peña sortu zuten, 40 bat bazkiderekin. 25 urte bete berri ditu taldeak, eta gaur egun 60 bat bazkide ditu.
Urteurrenaren harira hainbat ekintza prestatu dituzte. Eguberrietan argazki erakusketa antolatu zuten, azken 25 urte hauen errepasoa egiteko. Gaika multzokatu zituzten argazkiak, eta milaka oroitzapen ekarri zituzten gogora. Tartean, peñako hildakoak ere oroitu zituzten, Mikel de Pablo, Manu Osoro eta Jon Salegi "Sarobe" mendaroarra. Argazkiekin batera, 25 urte hauetan Realak erabilitako ekipazioen kamisetak ere jarri zituzten ikusgai, eta kamiseta bakoitzak zeukan istorioa ere jaso zuten. Han zeuden, esaterako, Agirretxek Vallecasen bi gol sartu ostean publikora bota eta elgoibartar batek hartutako kamiseta, Europako txapelketaren batean erabilitako beste kamiseta bat, jokalariek oparitutakoak... 25 kamisetaren bidez, 25 istorio esanguratsu kontatu zituzten. Mahai-inguru bat egitea ere aurreikusi dute 25 urte hauetan Realean jokatu duten elgoibartarrekin. Markel Bergara, Zuhaitz Gurrutxaga, Evelin Santos eta Imanol Agirretxe lotu nahi dituzte, baina oraindik ez daukate data zehatzik. Datorren urtarrilaren 20an, bestalde, bazkaria egingo dute Sigma jatetxean, eta egun horretarako hainbat sorpresa iragarri dituzte. 25 urte atzera egin behar dugu Jo Ta Suaren sorreraren arrazoia bilatzeko. 1998a zen, eta Elgoibartik jende pila bat joaten zen Anoetara. Zale horiek guztiak elkarrekin joatea polita izango zela pentsatu zuten, eta Anoetan tribuna berria egin zutenean sortu zitzaien denak batera jartzeko aukera. Peña bat izanda errazagoa zen aukera hori baliatzea. Agustin Alonso Kaiser, Anton Iranzo, Hector Garrido eta Manu Vila izan ziren ideia haren sustatzaile nagusiak. 40 bat bazkiderekin hasi zuen ibilbidea Jo Ta Sua peñak.
Gaur egun 60 bat bazkide dira, eta Anoetan egin duten azken obraren ondorioz, berriz ere lekuz aldatuta daude. Aitor Zabaleta gunearen alboan jartzen dira, denak batera. Peña irekia da, eta nahi duen orok eman dezake izena. Bazkide egiteko, 50 euroko kuota ordaindu behar da. Egoitz Gurrutxaga eta Mikel Arzamendi Jo Ta Sua peñako zuzendaritzako kideak dira, eta eurentzako elgoibartarrak denak elkarrekin tribuna berean egotea oso polita da: "Seme-alabekin joaten gara asko, adin antzekoa daukate eta beraien artean ere sortu da Realarekiko sentimendua. Gu umeak ginenean ez geneukan horrelakorik. Gure artean, gainera, txartelak elkarbanatzen ditugu norbaitek joaterik ez daukanean, edo umeak bidali ditzakegu lagunen batekin...". Peña bateko kide izateak norberaren pasioa herritarrekin konpartitzeko aukera ematen du, baina abantailarik handiena Realak kanpoan jokatzen duenean sarrerak lortzeko aukera errazten duela da. Hala ere, gero eta zailagoa da. "Garai batean Gijon edo Santanderrera zale pila bat joaten ginen, eta abonatu izan gabe ere sarrerak lortzeko aukera egoten zen, baina gaur egun oso zaila da. Asteburu honetan, esaterako, derbia jokatuko dute Bilbon Athletic-en kontra, eta Realak hiru sarrera bakarrik eman dizkigu". Horrelakoetan zozketa egin behar izaten dute.
- ERREPORTAJEA osorik BARREN aldizkariko 1313. zenbakian -PDF-