Elgoibarko Udalak Emakumea Surflari Elkartearekin, Ipar Surf & Skate Eskola eta Jart-ekin elkarlanean antolatu du skatepark-aren bosgarren urteurreneko jaia. Gaur izango da, 16:30etik aurrera.
Hasteko, skate erakustaldia emango dute goi mailako emakumezko skaterrek: Naia Laso, Veronica Steigner, Maria Elosegi, Alexis Navia eta Erika Caballerok, 16:30etik 17:30era egingo duten saioan. Naia Lasoren izena nabarmendu behar da, Bermeoko skaterrak bosgarren postua eskuratu berri baitu Erroman jokatu zuten Parkeko Munduko Txapelketan, eta gertu du datorren urtean Parisen jokatzekoak diren Olinpiar Jokoetarako plaza [skatea Tokion izan zen kirol olinpikoa estreinakoz, 2021ean]. Aipaturiko skaterrekin batera arituko dira Emakumea Surflari Eskolako kideak ere. 2014an jarri zuten martxan eskola hori, eta 18 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dagoen irabazi asmo gabeko proiektu bat da. Helburu nagusia emakumeen partaidetza sustatzea eta partaideen maila tekniko eta taktikoa hobetzea dira. "Gaur egungo gizartea den modukoa denez, generoari dagokionez zailtasun gehien dituen sektoreari zuzenduta dago; hau da, emakumeak, transexualak eta intersexualak", azaldu dute.
• Hastapen tailerra
Erakustaldiaren ostean hasiko da hastapen tailerra, 17:30ean. Ipar Surf & Skate Eskolakoek emango dute kirol hau probatu nahi dutenentzako ikastaroa. Debako Ipar Surf & Skate Eskola, surf eta skatezale amorratuek zuzendutako surf eskola gaztea da, "Euskal Herriko surf gunerik onenetako batean irakaskuntzarik onena" eskaintzea helburu duena. Eskarmentu handia dute, nazioartean ere arituak dira, eta naturarekiko sentitzen duten ezagutza, maitasuna eta errespetua partekatzea dute iparrorratz. Maila guztietarako surf eta skate klaseak eskaintzen dituzte.
Erakustaldiaren eta ikastaroaren ostean, herriko eta inguruetako eskaterrentzako eta patinatzaileentzako txanda izango da, herritarrentzako saio librea hasiko baita 18:30ean.
DJ batek girotuko du saioa eta materialaren zozketak ere egingo dituzte. Gainera, janaria salduko duen foodtruck edo furgoneta bat ere izango da.
Parte-hartzaile guztiek kaskoa erabili beharko dute, eta norberak berea eraman beharko du. Gainera, babes gehigarriak erabiltzea gomendatu du Elgoibarko Udalak. Euria dela eta ekitaldia atzeratu beharko balitz jakinaraziko dutela adierazi dute antolatzaileek.
2018an skate parkea inauguratzeko antolatu zuten jaian ere goi mailako patinatzaileek hartu zuten parte, Ian Campbell edo Danny Leonek, besteak beste.