Urrian Laboral Kutxa emakumezkoen taldekoak egon ziren Elgoibarren, eta orain, barikura bitartean, Euskaltel gizonezkoen taldekoak daude Elgoibarren, denboraldiaurreko egonaldia egiten. Joan Bou brasildarra eta Victor de la Parte kolonbiarra izan ezik, gainerako txirrindulari guztiak daude egunotan Elgoibarren, eta elkarrekin azaldu ziren atzo udaletxera, kaleko jantzita. Udaletxean, Maialen Gurrutxaga alkateak esker hitzak izan zituen haientzat guztientzat eta zorte ona opatu zien elgoibartarren izenean denboraldi berrirako. Era berean, oroigarri bat ere oparitu zien taldekideei. Pello Olaberria eta Jorge Azanza taldeko arduradunek jaso zuten oroigarria, eta taldearen maillota oparitu zioten trukean alkateari. Udaletxeko pleno aretoan egin zieten harrera, eta hantxe izan ziren Lagun Taldea txirrindulari taldeko kideak ere. Udaletxera igo aurretik, taldeko argazkia atera zuten Kalegoen plazan, eta ekitaldi ondorenean, txirrindulari eskolako gaztetxoek arkua egin zieten udaletxeko arkupeetan, gurpilak eskuan hartuta. Elgoibarko Lagun Taldekoek ginkana ere antolatu zuten plazan, Laboral Kutxako txirrindulariei harrera egin zieten egunean bezala.
Sallobentera irteera, gaur
Gaurko, berriz, Sallobentera irteera lotu dute Euskaltel taldekoek Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari taldekoekin batera. Irteera horretan, baina, nahi duten herriko ume guztiek parte hartu dezakete. 17:00etan abiatuko dira, Kalegoen plazatik. Barikuan, berriz, Euskaltel taldeko txirrindulariak Herri Eskolara eta Elgoibar Ikastolara joango dira bisitan. LH3 eta LH4 mailetako haurrekin egongo dira eskoletan.