Urnobitza Kirol Klubak antolatuta, Elgoibarko 14. Enduro moto lasterketa jokatu zen atzo. Gipuzkoan egiten den modalitate honetako proba bakarra da Elgoibarkoa, eta Euskadi eta Nafarroako txapelketetarako puntuagarria. Euskal Herriko eta Espainiako hainbat bazterretatik etorritako 120 gidarik hartu zuten parte proban. Horien artean Urnobitzako hogei pilotu baino gehiago aritu ziren lehian eta emaitza onak lortu zituzten gainera batzuek.
Arnau Sola Terradellas pilotu katalanak irabazi zuen proba. Kategoria desberdinetako irabazleak (PDF) Euskadiko Motoziklismo Federazioaren webgunean kontsulta daitezke.
Urnobitzako pilotuei dagokionez, Josu Artolak hirugarren postua eskuratu zuen senior mailan eta bigarren egin zuen Xabier Aldalurrek junior mailan. Biak Txapelketa kategorian lehiatu ziren. Unai Beristainek, berriz, lehen postua eskuratu zuen Trofeo kategorian. Txapelketa kategorian zailtasun handiagoa du ibilbideak. Batean zein bestean, are gogorragoa egin zuen proba azken egunetako euriteen ondorioz ibilbidean zegoen lokatzak. Mintxeta atzekaldean zegoen zirkuitura hurbildu ziren ikusleek pilotuen trebezia bertatik bertara jarraitzeko aukera izan zuten.
Urnobitzako arduradunek jakitera eman dutenez, Euskadin lizentzia gehien dituen bigarren taldea da eurena eta, nabarmendu dute Elgoibarren egiten den Enduroak prestigio handia duela motozaleen artean. Horrelako proba bat antolatzeak lan handia ematen duela ere azaldu dute eta lan horretan ezinbestekoa dela Elgoibarko Udalaren eta Kirol Patronatuaren laguntza. Era berean, ibilbidea osatzeko hainbat lurjaberen baimena lortzeko izan duten prestutasuna ere eskertu dute.