Iragana eta oraina eskutik emanda soka-dantzan

Barren.eus 2023ko abu. 24a, 16:03

Soka-dantza plazaratzeko sortu zuten Haritz Euskal Dantzari taldea duela 50 urte, eta haatik, berezia izan da gaur, San Bartolome Egunez egin duten soka-dantza.

"Mende erdi honetan soka luzea osatu dugu herrian. Jende ezberdin ugari elkarri eskua emanda, euskaldunon gorputz-hizkuntzan berbetan", esan du gaurko dantzaldiko aurkezle lanak egin dituen Maialen Astigarragak Kalegoen plazan bildutakoen aurrean. Eta honela jarraitu du: "Dabilen herriari goroldiorik ez, dio esaera zaharrak, eta Elgoibarko herria dantzan dabil". San Bartolome jaietan egiten duten soka dantzak bi etenaldi soilik eduki dituela gogora ekarri du; 36ko gudak eta koronabirusaren pandemiak eragindakoak. "Gainontzean, izan Ongarrikoekin, Elorrakoekin edo Haritzekoekin, elgoibartarrok plazara irten gara dantzara". Era berean, garai batean soka-dantza Txiki Egunean dantzatzen zutela ere gogora ekarri du.

Haritz dantzari taldea 50. urteurrena ospatzen ari da urte osoan, eta sorrerarako arrazoia izan zen soka-dantza ezin zen arrunta izan. Ospakizun urtea izaki, taldea sortu zeneko dantzariak, "haritzaren hazia landatu zutenak", gonbidatu dituzte gaurko soka-dantzan parte hartzera. Hala, lehengoak eta oraingoak elkarrekin aritu dira dantzan. Aurkezpenaren amaieran, Baltasar elkarte paretik irten dira dantzari beteranoak, gizonezkoak, txistularien laguntzaz. Emakume beteranoak udaletxeko arkupeetatik batu dira gizonek hasitako sokara. Eta, Baltasar paretik irtetearen arrazoia ere azaldu du Maialen Astigarragak. Elkarte horrek 1950eko hamarkadaren azken urteetan aurreskua antolatzeko ardura izan zuen, baina ardura hori laga zuenean ere, dantzarientzako hamaiketakoa prestatzen jarrairtu zuen, gaur egun arte. Eskerrik asko hemendik Baltasar elkarteko kideei urte guzti hauengatik". Aitortzekin jarraituz, heriotzak eraman dituen dantzariak gogoan eduki dituzte oraingoek. "Bakoitzak bere barruan sumatuko du falta, batena edo bestearena. Halere, gaurkoan, beteranoen sokan nabarmena izango da Karmel Iriondoren hutsunea. Karmelek duela egun gutxi utzi gaitu. Gurekin behar luke gaur hemen. Beraz, Karmel, zauden lekuan zaudela, batu sokara eta dantza daigun elkarrekin".
Soka-dantzaren amaieran, Haritzekoei oroigarri bat eman die Maialen Gurrutxaga alkateak, Udalaren izenean. Garaiotan ohitura zaharrak eta euskal dantzak mantentzea ez dela erraza esan du Gurrutxagak. "Inguruko herrietara begiratuta, ez dira asko mantentzea lortu duten dantza taldeak. Zuek lortu duzue eta merezi duzue aipamena", esan du. Berarentzat ere berezia izan da gaurko soka-dantza, alkateak hasten baitu dantza aurreskulariarekin batera, eta estreinakoz aritu da gaur.
San Bartolome Eguna musikarekin esnatu da gaur, Iruñeko eta Guardiako dultzaineroen zein Udal Txistulari Taldekoen dianekin. Dultzaina eta txistu doinuen ostean, Udal Musika Bandak eraman du musika kalera, kalejiran. Gero, soka-dantzaren ostean, kontzertua eman dute. Plazan egitekoak ziren, baina bero handia egiten duela eta San Bartolome parrokia barruan eman dute, tenperatura freskoagoarekin.
Eta, nola ez, San Bartolome Eguna izanda, herriko zaindariaren irudiarekin prozesioa ere egin dute, Udal Musika bandaren eta Udal Musikari Bandarekin.

 

2023 08 24 sanbartolome eguna soka dantza BARREN maialen gurrutxaga

2023 08 24 sanbartolome eguna soka dantza BARREN 2

2023 08 24 sanbartolome eguna soka dantza BARREN 1

2023 08 24 sanbartolome eguna soka dantza BARREN talde arg

2023 08 24 sanbartolome eguna soka dantza BARREN taldea beteranoak

2023 08 24 sanbartolome eguna txistulariak BARREN

2023 08 24 sanbartolome eguna udalmusikabanda BARREN