Helburuak aisialdi taldeak bere dituenak izango dira jaietarako ere, eta aisia hezitzailearen barruan kokatuko dituzte ekintzak. Beraien balio eta helburuak aplikatzeko, hainbat aldaketa sartu dituzte egitarauan, erabiltzaileekin pentsatuz.
• Umeen Eguna
Bereziki, 0-5 adin tarteko umeentzako ekintza falta igarri dute egitarauan Atxutxiamaikakoek eta hutsune hori beteko dute. Beraz, LHko ikasleentzako tailerrez gain, HHko umeentzakoak ere egongo dira aurten. Umeentzako bazkariari ere eutsi egingo diote, eta herriko eragileen arteko elkarlana sustatzeko Lizagasar Sagartokiak egindako magdalenak emango dituzte postrerako eta sagar zukua ere eskainiko dute. Arratsaldean, bestalde, dantza jaia egingo dute Bolatokian, eta etxeko txikiek kantatzeko eta dantzatzeko aukera izango dute.
• Marrazki lejiaketarik zezentxorik gabe
Faltako diren ekintzen artean, baina, Zuhaitz aisialdi taldeak urteetan antolatu duen marrazki lehiaketa aipatu behar da. Arduradunek esandakoaren arabera, lehiaketa kutsua duten ekintzak kendu nahi izan dituzte, umeen gozamenari lehentasuna emateko. Beraien esanetan, urtean zehar ere umeek badituzte lehiatzeko beste hamaika aukera, eta uste dute jaietan ondo pasatzea izan behar dela helburua. Umeen Egunean aipatu beharreko beste aldaketa bat ere badago, izan ere, azken urteetan finkatuta zegoen umeentzako entzierrorik ez da egongo aurten. Udaleko Kultura Sailetik azaldu dutenez, Animalien Babeserako lege berria indarrean sartu da, eta zezentxoak plazara ateratzea debekatu egin dute. Poniak oraindik atera daitezke, baina Udalak erabaki du aurten poniak ere ez ateratzea. Ondorengo bideoan iazko umeentzako entzierria eta zezentxoak. Azkenengoa ote da?
• Gazteen Eguna
Gazteen Egunean goitibehera eta drift trike jaitsiera antolatzeko ardura eman diote Atxutxiamaikari, eta ekitaldia prestatzeko parte hartzen duten hainbat lagunekin bildu dira. Elkarlanean prestatu dituzte jaitsierarako baldintzak, eta finean, azken urteetakoa mantendu badute ere, aldaketa batzuk sartu dituzte. Goitibehera jaitsieran azkarrenak irabaziko du, baina sari berezien artean goitibehera jendetsuena saritzea erabaki dute. Orain arte originaltasuna saritzen zuten, baina aurten jende gehien sartzeko ahalmena duen goitibeherak eramango du saria.
Drift trike jaitsierari, bestalde, lehiaketa kutsua kendu diote, eta ikuskizun bilakatu dute. Partaideen esanetan motzegia izaten zen ekitaldi hori, helburua ahalik eta denbora gutxienean jaistea zelako, eta aurten, ikuskizuna luzatzea erabaki dute. Hortaz, drif trike bakoitzak show moduko bat egin beharko du bere jaitsieran, eta partaide bakoitzak 50 euro jasoko ditu parte hartzeagatik.