Arrasateko dultzaineroek eta erraldoien eta buruhandien Mendaroko konpartsak hasi zuen atzo Santio Eguna, kalejiran. Santio Egunez, ohi legez, meza nagusia ere ospatu zuten eliztarrek Garagartzako elizan, eta ondoren, Debako Monreal Udal Bandaren kontzertua izan zuten Goñati frontoian. Herriko Enparantzan izatekoa zen kontzertua, baina euria hasi zuen, eta lekuz aldatu behar izan zuten. Egitarauari erreparatuz gero, egun lasaia izan ohi da Santio Eguna, Santa Ana egunerako indarrak hartzeko eguna gazteentzat bederen, baina aurten Santio Eguna ere betea izan dute Mendaron. Arratsaldean pilota jaialdia izan zen Mendaron, eta aldi berean, Duo Covers Radio Rebelderen kontzertua ere bai Herriko Enparantzan.
Herriko pilota eskolakoek hasi zuten arratsaldeko pilota festa, eta eskuz binakako bi partida jokatu ondoren, bailarako gazteen txanda izan zen. Laukote horretan bazen herriko bat ere, Haitzat Iraolagoitia, pilota eskolako entrenatzailea ere badena, publikoaren txalo zaparrada handiena eraman zuena. Baina ez zituen txaloak bakarrik jaso. Ikasle izan dituztenek aitortza txiki bat ere egin zioten entrenatzaileari eta taldeko argazkia oparitu eta 'Eskerrik asko, Haitzart' zioen txapela jantzi zioten.
18:00ak pasatxoan hasi zen pilotari profesionalen jaialdia. Bi partida izan ziren, bata, bigarren mailakoena. Egiguren V.ak eta Gaskuek osatutako bikotea Salaberria eta Albizuren kontra lehiatu zen, eta estelarrean, berriz Ezkurdia eta Rezusta aritu ziren batetik, eta Altuna III.a eta Martija bestetik. Luzatu zen pilota jaialdia, eta lehen mailako partida bukatu aurretik erretiratu behar izan ziren ikusleetako batzuk, hain zuzen danborradarako prestatzeko. 22:00ak irten ziren helduen danborradakoak kalez kale, eta urteroko saioa egin ondoren, frontoian bukatu zuten aurtengoa, Mendaroko martxarekin. Gauerditik aurrerakoa Tsunami orkestrakoek egin zuten.
- UZTAILAK 25: Santio Eguneko argazki bilduma
- UZTAILAK 24: Kuadrillen Eguneko argazki bilduma
- UZTAILAK 23: Umeen Eguneko argazki bilduma
- UZTAILAK 22: Gazteen Eguneko argazki bilduma
Gaur, berriz, Santa Ana eguna ospatuko dute. Hauxe da gaurko egitaraua:
- 9:30 Kalejira txistulariekin
- 10:30 Meza nagusia, Garagartzan.
- Ondoren, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariekin eta Unai Andonegi eta Imanol Goikoetxearekin kalez kalekoa.
- 18:00 Herri kirolak Goñati frontoian.
- 20:00 Erromeria Obaneuke taldearekin
- 22:00 Katasorginaren igoera. Etena egingo du Obaneukek tarte horretan, eta gauerdira arte segiko du gero.