Elgoibarko Katekesiak bere azken kabalgata izango zela iragarri zuen, baina azken hau ere ilusio eta detailez jantzita antolatu dute. Berrikuntzen artean, motor talde bat agertu da desfilearen aurretik, errege magoei bidea zabaltzen. Motorrak Gabonetako argiz apainduta, eta fokoak piztuta argiztatu diete bidea zaldunei. 18:00etan iritsi dira Ekialdeko errege magoak Kalegoen plazara, eta han zituzten herritarrak zain-zain. Jaio berria den Jesus haurtxoa gurtzera joan dira lehenik erregeak elizako estalpera. Mariaren besotan zegoen haurtxoa, eta banan-banan gerturatu zaizkio Meltxor, Gaspar eta Baltasar, urrea, intzentsua eta mirra eskaintzera. Horren ostean, herriko kaleak zeharkatu dituzte, Maalara iritsi arte. San Lazaro egoitzara sartu dira eta, hango egoiliarrei opariak banatu dizkiete. Kalegoen plazarako bidea hartu dute ondoren, eta udaletxe azpian jaso dituzte umeen gutunak. Laster hasiko dira opariak banatzen.