Elgoibarko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailak eta Elgoibarko dozena bat gaztek elkarlanean prestatu duten gazteentzako jaia egingo dute zapatuan, azaroaren 19an, 'Gaztiok ere Bagaoz martxan' lelopean. Antolatzaileek azaldu dutenez, “Bagaoz” izenarekin honakoa adierazi nahi dute: "Elgoibarren gazteak bagaoz martxan, aktiboki parte hartzen, eta Elgoibarren bizitzeko eta gozatzeko gogoarekin". Egitaraua Morkaikok antolatzen duen Karakateko Igoerarekin eta Euskaraldiaren hasiera ekitaldiarekin uztartu dute, eta jakinarazi dutenez, 300 gazte baino gehiagok eman dute izena bazkaritarako. Honakoa izango da egitaraua:
- 10:30 - Karakateko Igoera.
- 12:30 - Errifen sari banaketa
- 13:00 - Txupinazioa Maalan
- 13:30 - Euskaraldia: "Esazu hitz bat" herri-dantza Kalegoen Plazan
- 15:00 - Gazte bazkaria, Sigmako aparkaleku estalian.
- Ostean – Ezustekoa
- 19:00-21:00 - Mauxitxa txaranga
- 22:00-01:00 - Fan & GO taldearekin erromeria
Jaia bai, baina baita prebentzioa ere; horretarako, alkoholaren kontsumoaren arriskuak murrizteko alkoholemia ibiltaria egingo dute, 19:00etatik 22:00etara, Sasoia elkartearen eskutik eta Bizi Bitxi elkartearen eskutik. Era berean, eraso matxisten prebentziorako gunea ere egongo da, 22:00etatik 01:00etara, Maalan.
Udaletik zehaztu dutenez, Gazteen Emantzipazio Planaren prozesu parte hartzailearen bukaera borobildu nahi izan dute jai honekin; “lana, esfortzua bai, baina baita jai giroan gozatu ere”. Udalak nabarmendu du “Udalak gazteekin harremanak eraiki eta sakontzeko modu bat da elkarlana egitea eta beraien intereseko ekintzak sustatzea, BAGAOZ! Jaia kasu”.
Ideia hau Udala gazteekin lantzen ari den “Gazteak Elgoibarren Emantzipatzeko Plana 2023-2027”-rekin lotzen dute. Gazteekin Elgoibarren gustura bizitzeko eta emantzipatzeko beharrezkoak diren beharrizanak zein diren jaso nahi dituzte plan horretan; honela, "gazteen emantzipazio prozesua errazteko eta gazteak Elgoibarren emantzipatzea ahalbidetzeko".
Une honetan plana lantzen ari da Udala, Ikertalde enpresarekin elkarlanean, 2021ean egindako diagnostikotik abiatuta. Eusko Jaurlaritzak ehuneko ehunean finantzatu du. Hain zuzen, aste jhonetan bertan amaituko dute 250 gazte baino gehiagok parte hartu duen prozesua, gazteen iritziak eta ekarpenak biltzeko; inkestak, taldeko saioak eta elkarrizketa indibidualizatuak egin dituzte urria azaroa bitartean.
2022 amaieran aurkeztuko du Udalak plangintza eta 2023an hasiko dira bertan jasotako lerro ezberdinak gauzatzen.
∞Lotura duten albisteak: