Irailaren 29an da San Migel Eguna, eta horren harira, datorren astebururako antolatu dituzte auzoko jaiak. Zapatuan hasiko dira, eta besteak beste umeentzako ekitaldiak izango dira egun horretan: umeentzako jolasak, bazkaria eta puzgarriak. Haritz dantza taldearen erakustaldia, eta bolo txapelketa ere ez dira faltako egun horretan, eta gauerako erromeria antolatu dute, Fan&Go taldearekin. Domekan berriz, artzai txakur txapelketa eta idi-demak egingo dituzte. San Migel Egunean amaituko dira auzoko jaiak, eta egun horretan meza, trikitilariak eta pilota partidak egongo dira.
• Autobus zerbitzua zapatuan
Aurtengo berrikuntzen artean autobus zerbitzua nabarmendu behar da. Zapatuan Aiastiara igotzeko autobusa jarriko dute, 19:00etatik goizaldeko bostak arte. Txarridunako errotondatik irtengo da autobusa, eta etenik gabe arituko da lanean ordu tarte horretan. Antolatzaileek, bestalde, umeen bazkaritarako zein zapatuko afaritarako izena aurrez emateko eskatu dute. Interesatuek telefono zenbaki honetara deitu behar dute, irailaren 22rako: 666 269 636 (Elorri).