Erromeriak euskaldunen ohiko festa modua ziren lehen eta gazte zein helduak elkartzeko guneak ziren. Elgoibarko leku eta auzo askotan egiten zituzten lehen erromeriak: Kurutzetan, Aiastian, Idotorben, Kamiñerokua frontoian, Maltzagan, Usatotorre baserrian...
Urteek aurrera egin ahala indarra galdu zuten, baina oraindik ere mantentzen dira banaka batzuek. Sargoateko erromeria esaterako, 1996an berreskuratu zuten urte batzuetan egin gabe egon eta gero, Sallobenteko Jai Batzordea, Debemen, Elgoibarko Izarra, Elgoibarko Udala eta Morkaiko mendi taldearen elkarlanari esker.
• Sargoateko erromeria, uztailaren 24an
Uztailaren 24rako, domeka, antolatu dute aurtengo Sargoateko erromeria, Udalaren laguntzarekin. Azkarate gaina eta Irukurutzeta artean dagoen Sargoaten (540 m.) egingo dute. Apaiz batek beharrean auzotar batek gidatuko duen elizkizun batekin emango diote hasiera ospakizunari. Horren ostean, trikitilariek girotuko dute giroa eta dantzarako aukera izango dute batutakoek. Salda eta txorizoa ere banatuko dituzte.
• Santumotz Eguna, abuztuaren 7an
38 urteko etenaldiaren ostean, 2006an berreskuratu zuten Idotorbeko auzotarrek Santumotz Eguna ospatzeko usadioa. Aubixatik Hiru-Iturrira bidean, Urkiola-Txiki baserriaren alboan dagoen Santumotz lautadan ospatzen dute, bertan dagoen ermitaxoaren bueltan. Andres Egidazu artista elgoibartarrak eginiko sainduaren irudia egoten da han. Hona prestatu duten egitaraua.
• Egitaraua (2022ko Santumotz Eguna):
- 11:00 Hitzaren Liturgia Santumotzeko lautadan.
- Ondoren salda eta txorizoa banatuko dituzte
- 12:00 Imanol Albizu 'Goikoetxe' auzoko harrijasotzailearen erakustaldia.
- Jarraian Mendiluze eta Peñagarikano bertsolarien bertso-saioa.
- Tarteka Ansorregi eta Larrañaga soinu-jotzaileak.
- 14:30 Lagunarteko bazkaria San Pedro jatetxean. (34 euro) Izen-ematea: 943 740 010.
- Egun guztian zehar soinojoleek eta bertsolariek alaituko dute eguna.