Eskola-umeen bertso saioa izan da gaur Trinitate Txiki eguneko ekintza nagusia

Barren.eus 2022ko eka. 13a, 13:31

Jai-giroa, ordea, ez da amaitu. Arratsaldean, 16:30etik 18:30ak bitartean, zirko-tailerra izango baitute Trinitaten Mendaroko eskola-umeek, Arno Guraso Elkarteak antolatuta.

Eguraldia lagun, jende ugari elkartu da Mendaron Trinitate jaietan. Barikuan, Bizipoza txarangak hasi zituen ospakizunak, Trinitaten bertan, eta Mendarozal auzoa jendez bete zen txarangaren erritmora dantza egiteko. Bazen jairako gogoa, izan ere, pandemia dela eta ez dela, bi  urteko etena izan dute Trinitate jaiek. Gordea izan dute ikurriña bera ere, zapatuan antolakuntza taldeek jaso zuten arbolaren puntan esegi ohi dutena. Jaietako egun handiak atzo eta gaur izan dira. Atzo, Trinitate Eguna ospatu zuten. Txistularien kalejirak hasi zuen eguna, eta meza nagusia ospatu zuten gero, Ameikutz musika eskolako musikari eta kantari gazteen parte hartzearekin. Ondoren, herri kirol erakustaldia eta musika izan zuten baselizara gerturatu zirenek. Jendetza handia bildu zen eta luzatu zuten askok jaia, eguerdira artekoa zena. Gaur, berriz, Trinitate Txiki eguna ospatu dute. Ez da atzo beste jende izan, baina urtero bezala, ikusmina sortu du eskola-umeek eman duten bertso-saioak. Bigarren eskuko azokako saltzaileei, medikuaren kontsultan izaten diren kontuei, modako marken iragarkiei eta abenduan Mendaron izan zituzten uholdeei eskaini dizkiete bertsoak, besteak beste. Hain justu ere, LH6koen bertsoak izan dira ur handiei lotutakoak eta txalo zaparrada handia jaso dute ikasleek, gaia bera berezia zelako, batetik, eta bestetik, Trinitateko azken bertso-saioa izan dutelako aurtengoa neska-mutil hauek, datorren urtean Elgoibarrerako bidea hartuko baitute.

2022 06 13 trinitateak Mendaro2

2022 06 11 Trinitateak Bizipoza txaranga1

 

2022 06 11 Trinitateak txaranga Bizipoza

2022 06 12 Mendaroko trinitateak