Umeen danborrada eta artisau azoka izan dira Trinitate Eguneko ekitaldi nagusiak

Barren.eus 2022ko eka. 12a, 17:16

Trinitate Eguna da gaur, eta goizean goizetik giro ederra izan da Elgoibarko kaleetan.

Udal Txistulati Taldearen Dianarekin hasi dira Trinitate Egunerako prestatutako ekitaldiak. Ondoren, 10:00etatik aurrera, artisau azoka egon da Lekueder parkean. Euskal Herri osotik etorritako 26 artisauk ipini dituzte postuak azokaren 27. ekitaldia izan den honetan. Lau izan dira Elgoibarko artisauak: Rarama Joyas, Magi Bitxiak, Xarlem (bitxiak) eta Zugehini (ehunak). Euren produktuak salgai jartzeaz gainera, nola lan egiten duten ere erakutsi dute zenbait artisauk. Jendez gainezka egon da karpa hainbat unetan.

  • Umeen danborrada
Atzo gauean nagusien danborradakoen danbor eta kupel hotsek girotu zituzten trinitateak, eta gaur eguerdian umeen txanda izan da. Inazio Bereziartua Musika eta Dantza eskolak antolatzen du umeen danborrada, eta bertako ikasleek hartzen dute parte. Aurten, 240 bat umek osatu dute umeen danborrada, erdiak danborra jotzen eta beste erdiak, kupela, gutxi gorabehera. 15-16 bat ume berriz, karrozan joan dira. Karroza zeri buruzkoa izango den jakitea izaten da hainbaten jakinahia, eta gaur ere ume eta guraso askok ezagutu dituzte karroza gaineko pertsonaiak, euren ondotik pasa denean. Raya eta Azken Dragoia Dysneyren filmari buruzko karroza izan baita aurtengoa.

 

2022 06 12 trinitateak elgoibar umeen danborrada karroza raya

2022 06 12 trinitateak elgoibar umeen danborrada BARREN

2022 06 12 artisau azoka trinitateak elgoibar BARREN

2022 06 12 artisau azoka trinitateak lanean elgoibar BARREN