Arimen Gaua ospatuko dute asteburuan Elgoibarren eta Mendaron

Barren.eus 2021ko urr. 30a, 10:16

Urriaren 31 da Arimen Gaua, eta egun horren harira, hainbat ekintza egingo dituzte asteburuan Elgoibarren eta Mendaron. Bariku arratsaldean, esaterako, dantza parte-hartzaileak egin zituzten Kalegoen plazan, Haritz dantza taldekoen eskutik.

Haritzeko kideak eta dantzara batu nahi izan zuen oro dantzan jardun ziren bariku iluntzean, Kalegoen plazan. Dantzariak mozoroturik aritu ziren dantzan eta ikusleen artean ere ikus zitekeen ume bat baino gehiago mozorrotuta.

Izan ere, aste osoan zehar aritu dira ume zein gazteekin ekintzak egiten. 88 bat lagunek hartu dute parte ekintzetan, eta besteak beste, mozorroak prestatu dituzte, domekan egingo duten eskerako. ‘Ziri edo sari’ eske kalejira egingo dute kalean zehar, eta hainbat establezimendutan arituko dira kantuan edo esaldiak errezitatzen, goxokien truke. 20:00etan egingo dute amaierako ekitaldia Maalako parkean, eta horretarako ume bakoitzak kandela bat eraman beharko du, bakoitzak bere beldur bat erreko duelako.

Elgoibarko Izarra, Udala, udal liburutegia, udal ludoteka, udal gaztelekua, Haritz dantza taldea eta Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolak antolatu dute programazio guztia. Ameriketako Halloween festarekin lotzen dute askok egun hau, baina arimen gauak tradizio luzea dauka Euskal Herrian ere. 1950eko hamarkadara arte herri askotan bizirik iraun zuen eta ohikoa zen kalabazak edo arbiak hustu eta aurpegi itxura ematea. Barruan kandela txiki bat jartzen zioten, bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei bidea erakusteko. Garai hartako ohitura horiek ezagutzera emateko helburuarekin batu dira aipaturiko eragileak.

 

2021 10 29 dantza parte hartzailea arimen gaua haritz EDT barren

2021 10 29 dantza parte hartzailea arimen gaua haritz EDT barren 2