Musikak eta azokek jantzi dituzte aurtengo Trinitate jaiak Elgoibarren. Herriko nekazarien produktuak erosteko aukera izan zuten herritarrek zapatuan, Aita Agirre plazan egin zuten nekazal azokan. Debemen elkartekoek produktuz osatutako otar bat ere zozkatu zuten azokan erosketak egin zituzten herritarren artean, eta Regina Arrietak eraman zuen otarra.
Domekan, Trinitate Egunean, Udal Txistulari Taldekoen Dianarekin hasi ziren ekitaldiak. Kalegoen plazan talde argazkia atera eta pieza bat jo ostean, bi taldetan banatuta zeharkatu zituzten herriko kale eta auzoak. Musikak Udal Musika Bandak eman zuen kontzertuarekin izan zuen jarraipena. Jendez gainezka egon zen Kalegoen plaza. Izan ere, bandako jarraitzaileek ezin izan dute Banda zuzenean entzun azken zazpi hilabeteetan, joan den urteko urrian eman baitzuten azken jendarurreko kontzertua. Kontzertuaren amaierarako ezusteko txiki bat gorde zuten. Egitarauan ez zetorren arren, Txomin Mujikak konposatutako 'Beti Elgoibar" pieza jo zuten, Trinitateetako danborrada gogoan. Atabal elkarteko zazpi kideren laguntza eduki zuten.
Goizean zehar artisau azoka egon zuten Aita Agirre plazan. Karpa barruan egon ziren artisauak eta karparako sarrera eta irteera kontrolatuta egon zen, jende pilaketak sahiesteko.
∞Lotura duten albisteak:
- Baserritarren eta artisauen azokak eta musika izango dira aurten Trinitateetako jaietako osagai nagusiak, Elgoibarren (2021-05-26)
- Diana, ...eta kitto jaiak! (2020-06-07)
- Trinitate domekarako Diana berezia prestatu du Udal Txistulari Bandak (2020-06-04)
- Trinitateak ospatzeko 'Beti Elgoibar' abestia jo dute Udal Musika Bandako kideek nork bere etxetik (2020-06-03)
- Andrea Arriola: “Udalak ezin du antolatu jendea multzo handitan elkartzeko aukera ematen duen ekitaldirik” (2020-05-29)
- Koronabirusagatik ezhoikoak izango diren trinitateetako egitaraua aurkeztu du Udalak (2020-05-28)