"Ardura kolektiboa da ezarritako neurriak betetzea, atzerapausorik eman beharrik izan ez dezagun", dio Iñaki Arregi alkateak santanarik izango ez dela jakinarazteko zabaldutako prentsa-oharrean. "Azken boladan ikusi dugu ezinbestekoa dela prebentzio, higiene eta segurtasun neurri oro betetzea. Jaietan honakoak betearaztea zaildu egiten da. Horren aurrean, arduraz jokatu eta ekitaldirik ez da antolatuko", gehitu du. Koronabirusaren pandemia hasi zenetik, birritan batu dira herriko hainbat eragile eta norbanako Udalarekin, santanetan zer antolatu adosteko. Uztailaren 1ean izan zen lehenengo batzarra. Orduan, hogei bat lagun batu ziren, eta hainbat ekintzari eusteko aukeraz jardun ziren hizketan. Arriskuak saihestu beharra nabarmendu zuten bilerara batutako guztiek, baina santanetan tradiziozkoak diren ekintzei eustearen alde ere agertu ziren, ekintzak egoera berrira egokituta beti ere. Joan zen barikurako deitu zituen Udalak berriro batzarrera. Bost lagun elkartu ziren batzarrean, eta zalantzak ageriagoak izan ziren, ziurrenik koronabirus agerraldiak ere izan direlako egunotan. Behingoagatik eta egoeraren larria ikusita, santanetan ezer ez antolatzearen alde egin zuten bigarren batzarrean, eta Udalak jakinarazi du hala izango dela. Ofizialki, beraz, ez da santana jairik izango aurten, eta egun horietan tabernek ere beranduenez 3:00etan itxi beharko dute. Hala ere, eta ekitaldirik izan ez arren, herritarrak tabernetan batzeko arriskuaren jakitun dira Udalean eta horregatik, arduraz jokatzeko eta jende pilaketak saihesteko eskatu die Iñaki Arregi alkateak . "Elkarlanean jardun behar gara guztion gain baitago koronabirusa hedatzea eragoztea".
Iazko irudi hauek ez dira errepikatuko aurten, beraz, santanetan. Bestelakoa zen oso iazko egoera. Hona hemen, iazko jaien laburpen bat.