San Joan bezperako magia Mendaroko auzoetara zabaldu dute Aker eta bere segizioak

Barren.eus 2020ko eka. 24a, 11:55

Su handi baten ordez, bost txikiago piztu zituzten Mendaron San Joan bezperan, jendetzak sahiesteko.

Akerrek eta haren segizioak kalejiran zeharkatu zituzten Mendaroko auzoak, eta geldialdi bakoitzean piztu zituzten suak. Azpilgoetako zuhaitz bueltan piztu zuten lehenengo sutzarra, eta suaren bueltan dantza egin zuten, zuzeneko musikarekin. Ondoren, ludotekako sabaian beste dantza saiotxo bat egin zuten. Handik, Herriko Enparantzara joango ziren, eta han piztu zuten bigarren sua. Herriko Enparantzan ere zuzeneko musikarekin girotu zuten ekitaldia. Hirugarren geldialdia Garagartzan egin zuten, Gaztetxe aurreko aparkalekuan, eta suaren bueltan, dantza saioa egiteaz gainera aurreskua ere dantzatu zuten hiru dantzarik. Martzela Osoro plazan egingo zuen laugarren geldialdia Akerren segizioak, eta auzoek dantza saioaz eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izan zuten han ere. Kalejira Mendarozabalen bukatu zuten, suaren bueltan. Su artifizialekin amaitu zen San Joan bezperako gaua.

Suak piztu zituzten bost guneetan otarrak egon ziren atzo, goizean goizetik, herritarrek euren kezka, beldur, desio eta abar guztiak papertxoetan idatzi eta hara bota zitzaten, gauean sutan erretzeko. Mendaroko Udalak, Ludotekak eta Gaztelekuak antolatu zuten jaia, elkarlanean.

2020 06 23 san joan bezpera sua mendaro

2020 06 23 san joan bezpera sua mendaro 2

2020 06 23 san joan bezpera sua mendaro v1

2020 06 23 san joan bezpera sua mendaro taldea