Aurten ez da Santa Ana jairik izango Mendaron eta dirua herriko ostalari, merkatari eta zerbitzuetakoei laguntzeko erabiliko dute

Barren.eus 2020ko mai. 8a, 12:49

Aurten ez dute Santa Ana jairik izango Mendaron, eta Udalak jaietarako zuen aurrekontua koronabirusak eragindako kalteak arintzeko erabiliko du. Ahobatez hartu dute erabakia Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek.

Osasun-agintarien gomendiotan oinarrituta, jaiak bertan behera lagatzea erabaki du Mendaroko Udalak. "Erabaki zaila izan da, kontziente baikara jaiek herritarrengan, eta bereziki, zerbitzuen sektorean, ostalaritzan eta merkataritzan, duten eragin zuzenaz", jaso dute oharrean. Orain arteko jai-eredurik ez da izango beraz, baina Udalak ez du baztertu ordezko egitarauren bat prestatzea. Jai-batzordearen bilera deitzeko aukera dutenean jarriko dira hori aztertzen. Uztaileko bi asteburutan egitekoak ziren Santa Ana jaiak. "Erantzukizun sozialez" jokatzea dagokiola gogoratu du, baina, Udalak, eta hala egin duela nabarmendu.