Aurtengo jaiak "oso positiboki" baloratu ditu Udalak, eta jaien antolakuntzan parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkie Ane Beitia alkateak, gaur eguerdian eman duen prentsaurrekoan. Jaein antolakuntzan abiatu dituzten hainbat prozesu parte-hartzaileri esker, egitarauan berrikuntza ugari sartu dituztela adierazi du, herritarren beharrei erantzuteko: Besteak beste, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat leku berezia gorde dutela adierazi du, Lekueder parkea buruhandirik gabeko gune bihurtu dutela aurtengoan, eta egunean bi orduz barraketan musika isilarazi dutela. Guztira, adin eta gustu guztiei zuzendutako ehun ekintza burutu direla esan du du, eta horien artean, Baserritarren Eguneko gauean egin zen bideo maping saioa nabarmendu du: "Horrelako ekintza bat egiten dugun lehen aldia izan da, eta oso harrera ona izan du". Musikari dagokionean, aurten ere punta puntako taldeak ekarri dituztela zehaztu du, Mafalda, Esne Beltza, Noa Voll Damm, Puro Relajo eta The Etta James Experience, esaterako.
Era berean, aipamen berezia izan du aurtengo Txiki Egunak ere. Mauxitxa txarangaren 50. urteurrena ospatu dute aurtengo Txiki Egunean, eta egun berezia izan zen bai herritarrentzat eta baita txarangako kideentzat. Ane Beitiak eta Udal teknikariek esan dute aurtengo Txiki Eguna "ezin hobea" izan dela.
Sokamuturrari dagokionean, ez dela gertakari larririk izan adierazi du alkateak. Aurtengo berrikuntzen artean, sokamuturraren eremuan itxitura gehiago eta hesi berriak jarri dituztela esan du, segurtasun neurriak handitzeko. Era berean esan du, itxituren sarreretan panel informatiboak ere jarri dituztela, sokamuturrean parte hartzeko zein baldintza bete behar diren zehaztuz. Berrikuntza hauek guztiak positiboki baloratu ditu Udalak.
Berdintasuna eta eraso sexistak
Udaleko Berdintasun Sailak, Emakumeen Kontseiluaren eta ostalarien laguntzaz, berdintasunean oinarritutako jai parekideen alde egindako ahalegina nabarmendu du alkateak. Aspektu honi buruz balorazio "ona" egin du Berdintasun Sailak, eta esan du zorionez ez dela ezbehar larririk gertatu jaietan. Inoiz baino prebentzio ekintza gehiago egin direla esan dute, eta emaitza "positiboa" eman dutela, ez delako ezbehar "desatseginik" izan.
Alkohol eta drogen prebentzio kanpainak
Aurtengo jaietan ere alkohol eta bestelako drogen erabileraren prebentzio programak jarri ditu martxan Udalak, parte hartzaileak drogen kontsumoaren arriskuaz jabetzeko. Abuztuaren 23an (22:30-01:30) eta 31n (23:30-03:00) drogen inguruko informazio eta testing postuak jarri zituzten Bolatokin eta Maalan. Era berean, alkoholaren inguruan informazioa emateko estand bat jarri zuten Maalan, hilaren 31n. Emaitzei dagokionez, 23ko gauean 107 pertsonari eman zitzaien informazioa, eta Baserritarren Eguneko gauean 343 pertsonek hartu zuten parte. Alkoholimetriari dagokionez, 203 parte hartzaile izan ziren (130 gizon eta 72 emakume).
Horrez gain, abuztuaren 23an bigarrenez burutu dute aurten gazte, nerabe eta botiltzarra egiten duten orori zuzendutako Botiltzarra programa. Ai Laket! Elkartekoak gazteek botiltzarra egiten duten tokietara hurbildu ziren prebentzio, kontzientziazio, eta alkoholaren kontsumoan aholkuak eskaintzera. Guztira 87 kuadrilletako 542 pertsonari (12 eta 30 urte artekoak) eman zieten zerbitzua.
Ia istilurik gabe
Oro har, giro ona, errespetua, bizikidetza ona, harmonia eta tolerantzia nagusitu direla adierazi dute Udal agintariek. Ertzantzak ere, telefono, diru-zorro eta poltsen lapurretekin erlazionatutako salaketen jaitsiera nabarmendu du. Iaz 18 salaketa jaso zituzten, eta aurten, bost. Udaltzaingoaren jarduerari dagokionean ere, jaiak "normaltasun osoz" igaro direla adierazi dute. Esku-hartze gehienak honakoekin erlazionatutakoak izan dira: zauriturik gabeko istripuak (11), 6 lapurreta etxeetan (3k lortu dute eta beste 3 ahaleginean geratu dira), poltsak eta telefono lapurretak (5), kalte eta galtze desberdinengatik jarritako salaketak (2), kale borroka eta errieta txikiak (4), kexak musika eta zaratagatik (2), sokamuturrak eragindako kalteak (3) eta larrialdi zerbitzuen asistentzia (3 mozkorrak eta 3 bestelakoak).
Ikusle ugari kirol hitzorduetan
Udaletik jakinarazi dute aurten Elgoibar Europako Kirolaren Herriaren izendapena dela eta, ahalegin berezia egin dutela kirol jarduera desberdinak antolatzeko. Udal Kirol Patronatuak oso balorazio positiboa egin du jaietan ospatu diren kirol jarduerek ikusle ugari izan dituztelako eta, euren ustez, maila altuko ikuskizunak izan direlako.