Mauxitxak gidatu du sanbartolomeen hasiera

Barren.eus 2019ko abu. 23a, 13:05

Beti da Mauxitxa sanbartolomeetako izar eta ikur, eta are gehiago aurten, festei hasiera emateko txupina pizteko ohorea izan baitute 50. urteurrena ospatzen diharduen txarangako kideek. Eta egon da ezusteko bat ere, Jose Alberto Ansola 'Mauxitxa'k, txarangako lehenengo zuzendariak, gidatu baitu gaurko kalejira, ez ordea hezur-haragizkoak.

Mauxitxa txarangak proposatuta Jose Alberto Ansola 'Mauxitxa'ren buruhandia egin du Elgoibarko Udalak eta gaur aurkeztu dute jendaurrean. Txupinazoa botatzeko minutu gutxi falta zirenean irten da buruhandia udaletxeko balkoira, eta han bertan ezagutu du Jose Albertok, ez baitiote une horretara arte erakutsi, buruhandia egingo ziotela bazekien arren. Mauxitxa txarangako sortzaileetariko batzuek pieza bat jo dute balkoitik eta jai zoriontsuak opa dizkie gero Jose Alberto Ansolak elgoibartarrei, suziria piztu aurretik. Bergaran egin dute buruhandia eta aurrerantzean Elgoibarko erraldoien eta buruhandien kalejiretan hartuko du parte. Txupinazo osteko Mausitxaren kalejiran txarangaren aurretik joan da gaurkoan, estreinaldian. Kalejirako izar nagusia izan da, nola ez, eta asko izan dira buruhandiarekin argazkia atera nahi izan dutenak. "Mauxitxaren berdin berdina da barren" zioten buruhandiarekin topo egiten zuten hainbat elgoibartarrek.

 • Francisco Galvan nagusi Etxaniz Memorialean

Txupinazoa bota aurretik Etxaniz Memoriala txirrindularitza lasterketako sari banaketa egin dute Kalegoen plazan. Francisco Galvan (Lizarpe) txirrindularia gailendu da 23 urtez azpiko afizionatu mailako txirindularientzako lasterketa prestigiotsuan -Lehendakari Txapelketarako puntuagarria da-. Irabazlea ihes eginda ailegatu da Pedro Migel Urruzuno kalean zegoen helmugara. Bere taldekide bat, Alex Jaime, izan da bigarren, Galvanengandik zazpi segundora. Tropeltxo bateko esprinta irabazi du Jaimek. Iker Ballarin sailkatu da hirugarren postuan. Taldeka Lizarte taldea izan da onena eta Imanol Alvarezek jaso du herritar onenaren saria. Guztira 143 txirrindulari lehiatu dira 112 kilometroko ibilbidean.
Txirrindularien sari banaketa egin ostean, Larrain-dantza herrikoia dantzatu dute Kalegoen plazan.

 • Hiruretako txupinazoa

Aspaldiko ohiturari jaraituz, hiruretan puntuan jaurti dute txupinazo "tradizionala" Giza Eskubideen parketik. Hiru lagunek hiru suzi piztu dituzte eta dultzaineroek girotu dute ekitaldia.

2019 08 23 sanbartolomeak bezpera mauxitxa txuinazoa buruhandiagaz

2019 08 23 sanbartolomeak bezpera txupinazoa plaza elgoibar