Iaz, 2018. urtean, 108 ume jaio ziren Elgoibarren (erroldatutakoak) eta horietako 40k hartu dute parte, gaur arratsaldean, Udaleko agintariek Kultur Etxean egin dieten ongi-etorri ekitaldian. Ane Beitia alkateak ongi etorria eman die, eta ondoren, zenbait zinegotzi eta udal langileen laguntzaz, jaietako zapiak jarri dizkiete haurrei. Bigarren urtez egin dute ekitaldia.
• Sari banaketak eta erakusketaren inaugurazioa
Jarraian, Jaietako Kartel eta Marrazki Lehiaketako sari banaketa egin dute, Kultur Etxean bertan. Naia Membrillerak irabazi du aurtengo lehiaketa, eta amak jaso du saria bere ordez. Era berean, Kirol Argazkien Lehiaketako sari banaketa ere egin dute. Aurkeztutako argazkiekin osatutako erakusketa gaurtik irailaren 1era arte (abztuaren 25ean eta 26an izan ezik) ikusi ahal izango da Kultur txeko erakusketa gelan, 18:30etik 20:30era.
• Valentzia gailendu da futbol txapelketan
Jubenil mailako futbol txapelketa jokatu dute Mintxetan lau taldek, egun osoan. Goizean, finalerdietako neurketetan, Valenciak 2 eta 0 irabazi dio Osasunari eta Realak 1-0 irabazi dio Alavesi. Hala, arratsaldean, valentziarrek eta gipuzkoarrek jokatu dute finala. Partidak ez du kolorerik izan eta Valentziak 4-0 irabazi dio Realari. Hirugarren postua erabakitzeko partida ere jokatu dute eta Alaves gailendu da, penaltietan.
- ARGAZKI-BILDUMA: Abuztuak 22 (sanbartolomeak 2019)