Kirol talde bakoitzeko ordezkariek euren taldearen logoa edo irudia zeraman bandera eraman zuten danborradan. Udaletxeko balkoian egon ziren lehenengo eta Elgoibar Europako kirol herri izendatu zutenean lortutako banderaren atzetik joan ziren gero kalejiran. Atabal elkartekoek oroigarri bat eman zioten Ane Beitia alkateari, danborradaren hasieran, izendapena lortu izanari aitortza egiteko.
Kalebarren plazatik hasi zen nagusien danborrada 23:00etan. Kalegoen plazan egon ziren gaberdira arte, udaletxeko balkoian bandera altxatu zuten arte. Gero, kalejiran, Maalako parkeraino joan ziren eta han geldialdia egin ostean, Kalebarren plazan amaitu zen danborrada goizaldean, su artifizialekin eta bukaerako trakarekin.
Gaur goizean, Inazio Bereziartua musika eskolak antolatzen duen umeen danborradakoak irten dira kalejiran, goxoki erraldoiak irudikatzen zituen karroza eta guzti.