Aldaketak iragarri dituzte 'Anttoni!' egunerako

Barren.eus 2019ko urt. 14a, 15:18

Elgoibarko Udalak Anttoni! izeneko jai eguna antolatu du estreinakoz, San Anton jaien bueltan, zapaturako. Jakinarazi dutenez, bazkaria eta bertsolariek eskaini behar zuten saioa bertan behera gelditu dira.

Zubi Ondo elkartean egin behar zuten bazkari herrikoia bertan behera gelditu dela azaldu dute udal arduradunek, nahikoa lagunek izena eman ez duela-eta. Era berean, Malen Amenabar eta Jokin Uranga bertsolariek eskaini behar duten bertso-saioa ere bertan behera gelditu da. Aldiz, Matraka Electrotxarangaren kalejira (19:00) eta Olatz Salvadorrek eta Bad Sound-ek Maalan emango dituzten kontzertuak mantendu dituztela adierazi dute antolatzaileek. Maalako musika emanaldia 22:00etan hasiko da.

Elgoibarko Udalak herriko zenbait gazterekin elkarlanean antolatu du Anttoni! egunaren estreinako edizioa. "Ekimen honen bitartez jai parekide eta euskaldunak sustatu, Elgoibarko elikagai eta produktuen kontsumoa bultzatu eta gazteen arteko harremanak sortu eta indartu nahi ditugu", azaldu dute.

Zintzilik, Olatz Salvadoren bakarkako lehen lana ondorengo bideoan: