Umeen eta jubilatuen egunak egun berean ospatzeaz gainera, Baserritarren Egunean hasi zen Euskadiko Limusin Ganadu Txapelketa gaur amaitu da, eta 14:00ak inguruan egin dute sari banaketa ekitaldia Sigmako probalekuan (ikus sarituak).
Era berean, San Bartolome Pilota Txapelketako finala ere gaur jokatu dute Ikastolako frontoian. Jokin Altuna eta Andoni Aretxabaleta gailendu dira finalean, Aimar Olaizolari eta Beñat Rezustari 22-19 irabazita. Pilotaririk onenaren saria Jokin Altunari eman diote (ikus eitb.eus-en).
Aurtengo sanbartolomeetako estreinako sokamuturrarekin hasi da gaur eguna, herriko dultzaineroek diana jo eta gero. Sokamuturraren ostean, haurrentzako entzierroa egin dute King-Kongetik Aita Agirre plazaraino eta plazann zezentxo eta poniekin gozatu dute umeek. Adrenalina piska bat askatu eta gero marrazki lehiaketan hartu dute parte hainbat umek elizako arkupeetan. Gurutze Gorriak antolatutako lehiaketan Elgoibarko jaiei buruzko marrazkia osatu behar zuten (hona sarituen talde argazkia). Haurrentzako ohiko bazkari herrikoiaz gainera, Txiki Txef ekimena izan da aurtengo berrikuntza. Taloak, gailetak, fruita brotxetak txokolatearekin, gozoki tartak eta beste hainbat jaki prestatu dituzte umeek Kalegoen Plazan.