Aiastia-San Migelen, ermitan, hasi zituzten San Antonio Eguneko ospakizunak mezatan. Meza ostean, musikak eta jatekoak hartu zuten lekukoa festan. Baltzola eta Andonegi trikitilariak taula gainean zirela musika eta kantua lagun auzotarrek salda eta txorizoa jan zituzten.
Hamaiketakoaren ondoren, frontoia kirolariek hartu zuten, pilotariek, hain zuzen ere. Eskuz binakako profesionalen arteko partida izan zen Murkaikupen. Nagore Aramendik eta Leire Etxanizek osatutako bikoteak Alaitz Badiola eta Ohiana Orbegozorena izan zuen aurkari. Ikuskizun polita eskaini eta 22-10 irabazi zuten Aramendik eta Etxanizek.
Partida eguerdi partean izanik, bukatu ordurako bazkaritarako mahaiak prestatzen hasi ziren batzuk besteak elkartean bazkaria prestatzen ari ziren bitartean. 60 lagun izan ziren bazkaritan eta bazkalostean trikitilarien doinuek kantuan eta dantzan hasteko aukera eman zien auzotarrei. Bertsoak izan zuen lekua eta bertsolari batek bereziki: Gregorio Larrañaga "Mañukorta". Urte askoan San Migelen kantatutakoa da "Mañukorta" eta auzotarrak oso etxeko izanik hauek omendu egin zuten eta baita opari bat eman ere. Jabier Arrizabalaga "Ziarda" eta German Meabebasterretxea izan zituen bertso lagun zapatuan eta auzotarrek bere urtetako jarduna eskertu zioten bezala, "Mañukorta"-k ere pozik jaso zuen hauen omenaldia, baita ahal duen bitartean bertsotara etortzen jarraituko duela esan ere.