Eusko Jaurlaritzak 3,27 milioi euro erabiliko ditu Sigma auzoa oneratzeko, eta Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuorde den Miguel de los Toyoseko Elgoibarrera bisita egin zuen barikuan, egitasmoaren inguruko xehetasunen berri emateko. Elgoibarko alkate Ane Beitia eta Hirigintzako arduradun Iosu Arraizek ere hartu zuten parte Sigmako lokal sozialean egin zuten agerraldian.
Orotara Sigmako 72 etxetan hobekuntzak egitea aurreikusten dute. Energia berriztagarriak txertatuko dituzte, irisgarritasun-ekintzak egingo dituzte, besteak beste, kanpo-igogailuak eta balkoiak eraikiz edo handituz. Sigma enpresak bere beharginentzak eraiki zituen etxebizitzok 60ko hamarkadan. "Mendi magalean eraiki zituzten etxeak, malda handiekin eta eskaileradun oinezkoen ibilbideekin. Urbanizazioa berrituta espazio libre bat sortzea aurreikusten dugu, etxebizitzetarako irisgarritasuna hobetuko duten kanpoko igogailuak egin ahal izateko, ezin baita eraikinen barruan igogailurik sartu, espazio faltagatik", azaldu du Iosu Arraizek.
Inguruneari dagokionean, argiteria publikoa LED argiekin berrituko dute, ur-hodiak berrituko dituzte ihesak murrizteko, CO2 hustubide gisa funtzionatzen duten landare-elementuak gehituko dituzte eta parkeak berritu. Egitasmoak telekomunikazio-sareak berritzea ere aureikusten du.
• Lanak, hiru zatitan
Elgoibarko alkate Ane Beitiak nabarmendu du pozgarria dela Eusko Jaurlaritzak Udalak Etxebizitza eta Lurralde Plangintza Sailari aurkeztutako Sigma auzoa "biziberritzeko" proiektua aukeratu izana. Beitiak zehaztu duenez, proiektu publiko-pribatua da, eta herritarren bizi-kalitatean eragingo du. Udalak dagoeneko aurreratuta ditu Sigma auzoko Irisgarritasun Planaren lehen faseko obrak: lehen fase honetan, espaloia Eulogio Estartako 1etik 4ra handituko dute, eta horma bat eraikiko dute N634 espaloiaren ondoan, espaloi hori handitu ahal izateko. Hurrengo ekitaldietan 2. eta 3. faseak garatuko dituzte. Bigarren fasean bidea eta zerbitzu-sare guztiak osatuko dituzte, frontoitik 17-20 atarien blokeetara arte. Hirugarren fasean, azkenik, igogailu bat eraikiko dute 4. eta 6. zenbakietako atarien artean. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, herritarren eskura jarriko dituzte etxebizitzen kanpoaldean igogailuak jartzeko eta etxebizitza partikularretan irisgarritasuna bermatzeko erreformak egiteko dirulaguntzak. "Elkarlanean dihardugu, auzo hobe bat eraikitzeko”, adierazi du Beitiak.
Bestalde, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuorde Miguel de los Toyosek azaldu duenez, Elgoibarrek bat egin du Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako beste 20 udalerrirekin auzo-mailako esku-hartzeari ekiteko. Esku-hartze horrek bertan bizi diren pertsonen "bizi-kalitatea nabarmen hobetzeko balioko du, eta klima-aldaketaren aurka borrokatu behar dugun etorkizunari aurre egiteko prestatuko ditu", esan du sailburuordeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomiko handiak emango dituela esan du, eta laguntza horien berri emateko eta horiek kudeatzeko auzo bulego bat jarriko dute auzoan. Lehen Sigmako eskolak egon ziren eraikinean, egun auzotarrentzako lokal sozial gisa erabiltzen dutenean ari dira bulegoa egokitzeko lanak egiten.
∞Lotura duten albisteak: