Sigma auzoa oneratzeko 3,27 milioi euro erabiliko ditu Jaurlaritzak

Barren.eus 2022ko urr. 25a, 09:28

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza Sailak 93 milioi euro jarriko ditu hiri-berroneratzearen programa Euskadiko zenbait auzotan zabaltzeko. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hamalau auzotara ailegatuko da diru-laguntza, tartean, Elgoibarko Sigma auzora.

Jaurlaritzak auzo zaurgarriei erreparatu die hamabi herritako 14 auzotan hiri, ingurumen, gizarte eta ekonomiaren arloko oneratzeari ekiteko. Jarduera horiek Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek 2022-2024 aldirako onartutako Inbertsio Estrategikoen Erakundearteko Planaren parte dira. Testuinguru horretan, lehentasuna izango du auzo zaurgarrietako hiri-berroneratze integralak. Eusko Jaurlaritzak sei urte baino gehiago daramatza plan horretan lanean, eta, hamabi herritako 14 auzo horiekin, guztira 21 udalerritara iritsiko da jada programa. Herri horietako ekintzei ekiteko 101 milioi euro jarriko dituzte; 8 milioi Lan eta Enplegu Sailak jarriko ditu eta 93 milioi Lurralde Plangintza Sailak.

 • Sigma berroneratzeko egitasmoa
Elgoibarren, Sigma enpresak 1960ko hamarkadan bere beharginentzat sustatutako izen bereko etxebizitza-auzoa hobetzeko lanak egingo dituzte. Horretarako, energia berriztagarriak txertatuko dituzte, irisgarritasun-ekintzak egingo dituzte —etxebizitza baterako kanpo-igogailua eta beste baterako barne-igogailua— eta balkoiak eraikiko dituzte etxebizitzetan. Horrez gain, inguruneari bultzada emateko helburuarekin, argiteria berritu, parkeak birgaitu edo trafikoa baretzeko guneak sortuko dituzte. Lurralde Plangintzak 3,27 milioi euroko aurrekontua du aipaturiko lanak gauzatzeko, eta orotara Sigmako 72 etxetan hobekuntzak egitea aurreikusten dute.

Era berean, Sigmako auzoa berrurbanizatzeko lanak egingo ditu Udalak, 2015eko Irisgarritasunaren Plan Estrategikoan oinarrituta. Lanok udazken honetan hasiko dituztela jakinarazi zuten joan den uztailean.

2022 10 25 sigma auzoa elgoibar etxebizitzak

Idoia Mendia Lehendakariordeak programa berriaren garrantzia nabarmendu du, “programa berria da, bultzatzen ari garen beste batzuk ez bezalakoa, baina beste horiekin guztiekin ezaugarri komun bat du, gobernu-esparru desberdinen arteko bat-etortzea, kasu honetan Eusko Jaurlaritzako bi sailen eta udalen artean”. Ildo horretatik, adierazi duenez, “erantzun berriak ematen ditu egoera berrien aurrean; kasu honetan, energia-trantsizioaren eta hiri-eraldaketaren erronkari aurre egiteko, hau da, gizarte-eraldaketaren errokari aurre egiteko”. Horrez gain, aukerak eskaintzen dizkie enplegurako zailtasunak dituzten pertsonei, profil egokiak bilatzen dituzten enpresei eta bertako biztanleentzako ingurune atsegina eta jasangarria nahi duten udalerriei.

Lan eta Enplegu Saila arduratuko da —zortzi milioi euroko hasierako aurrekontuarekin— enplegurako prest dauden eta eraikuntza-sektorearen eskakizun berrietara egokitzen diren 167 pertsonaren prestakuntzaz, kontratazioaz, orientazioaz eta laguntzaz. Esperientzia hori udalerri bakoitzeko enplegu-eskatzaileei zabalduko zaie, baina, lehentasunez, diru-sarrerak bermatzeko errentaren edo bizitzeko gutxieneko errentaren hartzaile diren pertsonei, baldin eta proiektuan parte hartzen duten udalerrietatik 50 kilometroko erradioan bizi badira eta luzaroko langabeak badira.
Zehazki, bi hilabetez jasoko dute berariazko prestakuntza, eta errenta bermaturako eskubidea jasotzen jarraituko dute, dagokienaren arabera. Ondoren, txandakako prestakuntzako 10 hilabeteko kontratua izango dute, azken lan-erreforman jasotako baldintzetan. Txandakako prestakuntza-kontratuetan, denboraren % 35 prestakuntzara bideratuko da eta % 65 enplegura. Jaso beharreko gutxieneko ordainsaria soldata gordin osoaren % 75 izango da. Gainera, prozesu osoan orientazio, akonpainamendu, aholkularitza eta informazio profesionala izango dute, besteren konturako lana bilatzen laguntzeko.
Auzo berriek auzo-bulegoak izango dituzte —Opengela Europako proiektuaren ereduari jarraikiz— eta herritarrek bulego horietan kontsultatu ahal izango dute zer laguntza dauden eta nola jardun behar den etxebizitzak berritzeko irisgarritasunaren, bizigarritasunaren edo energia-efizientziaren arloan. Auzo horietako batzuetan, proiektuak aurreikusten du eraikin publikoak birgaitzea eta, hala, auzokoentzat ekipamenduak sortzea. Araban, Gasteizko Zaramaga auzoan lan egingo dute; Bizkaian, Bilboko hiru auzotan (Unzeta parrokoa, Urizar dorrea eta Uretamendi), Bermeon (Iparragirre eta Txibitxiaga) eta Sestaon (Vista Alegre); eta Gipuzkoan, Arrasaten (Santa Teresa auzoa), Donostian (Altza), Eibarren (Hijos de Gabilondo), Elgoibarren (Sigma etxebizitzak), Errenterian (Beraun), Leaburun (Txarama), Soraluzen (Ezozia) eta Irunen.

Bestalde, Iñaki Arriola Lurralde Plangintzako sailburuak adierazi duenez, udalerriek aurkeztu dizkieten proiektuak kontutan izanda, 1.700 familia inguruk jasoko dituzte % 70 eta % 100 bitarteko dirulaguntzak, zaurgarritasun handieneko kasuetan. "Dirulaguntza horiei esker, familia horiek guztiek beren etxebizitzen deskarbonizazioari aurre egiteko eta bizi-kalitatea hobetzeko aukera izango dute, eta etxebizitza bizigarriagoak eta gizarte- eta ingurumen-erronka berrietara egokitutako hiri-ingurunea izango dute.Neurri horiekin, gainera, desberdinkeriari aurre egingo diogu eta gizarte-kohesio handiagoa sustatuko dugu gure herrietan eta hirietan”, esan du Arriolak.

 

∞Lotura duten albisteak: