Herriko txoko hori berreskuratu eta atseginagoa egitea dela egitasmo honen helburua azaldu dute Elgoibarko Udaletik. Horretarako horma irudi bat margotzea erabaki dute, eta irudi horren diseinua erabakitzea berriz herritarren esku laga dute.
Artby proiektuaren eta Elgoibarko Udalaren eskutik, lau artista euskaldunek hartu dute parte horma irudirako diseinuetan, eta bakoitzak bi lan aurkeztu ditu: Sortwo, Pablo Astrain, Maialen Arocena eta Jabier Rodriguez dira lau artistak.
Udalak irailaren 19an bistaratuko ditu zortzi diseinuak, egun horretan hasiko baita Santa Ana kaleko muralaren diseinua erabakitzeko parte hartze prozesua. Irailaren 19tik 30era bitartean egongo da diseinu gustukoenaren aldeko botoa emateko aukera, eta parte hartzen duten guztien artean Elgoibarko saltokietan gastatzeko hiru bono zozketatuko dituzte. Modu fisikoan (udaletxean, liburutegian, polikiroldegian eta Aita Agirren) edo elgoibar.eus webguneko formularioan eman ahal izango dute botoa heritarrek. Elgoibarren jaio, bizi, ikasi edo lana egiten duten bertako zein kanpoko pertsonek izango dute bozka emateko aukera. Parte-hartzeko gutxienez 16 urte izan behar dira.
Santa Ana kalean horma irudia margotzea partaidetza bidezko aurrekontuetan herritarrengandik irten zen ideia edo proposamenetako bat izan zen, bigarren fasera igaro zen hamasei proiektuetako bat, hain justu ere, baina ez zen aukeratua izan azken bozketan.