King Kong zubia eraberritzeko proiektua Injelan enpresak idatziko du

Barren.eus 2022ko ots. 23a, 18:46

Elgoibarko Udalak King Kong zubia eraberritzeko eta irisgarriagoa egiteko proiektuaren idazketari dagokion lizitazioa itxi berri du. Injelan S.L. ingeniaritza enpresak idatziko du proiektu teknikoa, lizitazioa publikoan emaitza onena lortu baitu.

King Kong zubia eraberritu eta irisgarriago egingo duen proiektua idazteko 66.000 euroko aurrekontua onartu zuen Udalak, BEZik gabe. Idazketa lehiaketa publikora atera ostean, Injelan enpresari lizitatu diote zubi berriak nolakoa izan behar duen jasoko duen lan tekniko hori. Obra zuzendaritza ere enpresa berak egingo du, lizitazioa garaile izan ostean, 68.400 euroko aurrekontuarekin, (BEZ gabe). Exekuzio proiektua idazteko kontratuaren iraupena 28 astekoa izango da.

San Frantzisko kalearen eta Urazandi auzoaren arteko irisgarritasuna hobetu nahi du Udalak: “Lehen pausua da proiektuaren idazketa. 2023an gauzatuko da obra. Proiektu estrategikoa da Elgoibarrentzat. Irisgarritasun baldintzak nabarmen hobetuko dira King Kong zubiaren eraberritzearekin, herritarren ongizatean zuzenki eraginez hobera”, nabarmendu dute Udal Gobernuko ordezkariek.

2022 02 23 udal gobernuko ordezkariak king kong zubian

Urazandi auzoa eta herrigunea lotzen dituen oinezkoentzako ibilbideak oztopo arkitektoniko esanguratsuak zeharkatzen ditu: hala nola, N-634 errepidea eta Deba ibaia. Gaur egun, ibilbide hau errepidea eta ibaia gurutzatzen duten bi pasabideetan barrena egiten da. Udaletik zehaztu dutenez, egungo ibilbidea ez dator bat irisgarritasunari buruzko araudiarekin.
Hori dela eta, hainbat baldintza bete beharko ditu pasabide berriak. Honako hauek aipatu dituzte agintariek:

  • Ibaiaren gaineko pasabideari beharrezkoak diren baldintzak ematea, irisgarritasunari buruzko araudia betetzeko.
  • N-634 errepidearen eta Urazandi auzoaren arteko maila gainditzea, igogailu publiko baten, eskaileren eta arrapala gehigarri baten bidez osatutako komunikazio gune bertikal baten bitartez.
  • N-634 errepidearen gainetik igarotzea, errepidearen gainetik egingo den pasabide baten bidez.
  • Komunikazio gune bertikala eta Elgoibarko HAPOn ageri den “6.E. El Pilar” partzela elkarrekin lotzea.
  • N-634 errepidean, Mendarorako noranzkoan dagoen autobus geltokia mantentzea.

Udalak 2023an hasi nahi ditu obrak. Era berean, inguruko bizilagunekin bilerak egiten jarraituko dutela jakinarazi dute, proiektuaren idazketaren berri emateko.

∞Lotura duten albisteak: