Igerileku berrian irisgarritasuna bermatzeko arrapala jartzeko dauden aukerak aztertzeko eskatu zuen Elgoibarko EHBilduk, urte hasieran. Udaleko Hirigintza Sailak, baina, ez zuen eskaera begi onez ikusi, besteak beste, arrapalak ez dielako irtenbiderik ematen gurpildun aulkian dauden herritarrei. Proiektua gauzatzerakoan arrapalaren ordez altzairuzko eskailera mugikor baten alde egin zutela azaldu zuen Udalak. Era berean, proiektuan arrapala egitea gehitzeak obra atzerazea ekarriko lukeela zehaztu zuten.
EH Bildu ez zen konforme gelditu Udalak emandako azalpenekin eta Elkartu elkartekoengana jo dute. "Herritarrek guri helarazitako kezkak azaldu genizkion Udal Gobernuari, baina ikusita ez zutela interes handiegirik erakutsi, irisgarritasun gaietan adituak direnekin batzea erabaki genuen, hiru premisa nagusirekin: eragina izango duen elkarte batekin biltzea, inklusibitatea eta irisgarritasun unibertsala". Hala ailegatu ziren Elkartu elkartekoenganaino, Gipuzkoan desgaitasun fisikoa duten pertsonen aldeko elkartea. "Igerilekuak handitzeko proiektu honek pertsona guztientzako irisgarritasuna bermatzen duen jakin nahi genuen, alegia, edozein pertsona autonomiaz sartu ahal izatea igerilekuan, eta alor horretan izan ditzakeen akatsak identifikatzeko eskatu genien", azaldu dute. Proiektuari buruzko informazioa, planoak eta gainerakoak bidali zizkieten eta horietan oinarrituta egin duten azterketako emaitzak txosten batean jaso zituzten Elkartukoek. "Txostena jaso eta irakurri ostean, irisgarritasunean hobekuntzak egiteko aukerak daudela uste dugu eta orandik garaiz gabiltzala", azaldu du Jon Peli Uriguenek prentsaurreko agerraldian. Igerilekuak handitzeko proiektuak irisgarritasun legedia betetzen duen arren, hobetzeko asko dagoela uste du EH Bilduk. Hala, Elkartu Federazioak egindako zuzenketa eta aholku guztiak aintzat hartzeko eskatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari, "egingarriak" direla uste baitute. Asmo horretan, Elkartu Federazioak egindako egindako txostena eta euren eskaerak erregistratu dituzte Elgoibarko Udalean.
• Hutsuneak eta aholkuak
Txostenak irisgarritasuna hobetzeko hainbat hutsune identifikatu eta aholku orokorrak jasotzen dituela azaldu dute, aldageletako eserlekuei, ate automatikoei eta soinu eta argi seinaleei buruzko aholkuak, besteak beste.
Elkartutik ohartarazi dute ate guztiek 90 zentimetroko tartea utzi behar dutela pasatzeko eta kasu batzuetan 70 zentimetro besterik ez dutela. Era berean, komunetan 80 zentimetroko tarte librea behar dela esan dute, eta kasu batean 66koa baino ez dagoela. Aldageletan, berriz, 1,89 metroko zirkulu bat sartzeko aukera egon behar dela ohartarazi dute, eta Olazaigako proiektuan 1,50 metro baino gehiago ez dagoela banakako aldageletan. Horrez gain, beste aholku batzuk ere egin dituzte konketetako txorroten inguruan, zokaloen altueraren inguruan, aldageletako eserlekuei buruz, eta armairuek izan beharreko altuerari buruz, besteak beste.
Igerilekuko sarbideaz ere hainbat ohartarazpen egin dituzte, premisa batetik abiatuta: edozein pertsona izan behar dela gai igerilekua modu autonomoan eta beste inoren laguntzarik gabe erabiltzeko. Kasu honetan ez dute gabeziarik aipatu, baina bai lau aukera irisgarritasuna bermatzeko: alboko arrapala, traslazio bertikaleko plataforma, garabi polipastoa eta bestelako garabiak. Azkeneko horretan garabiak kendu eta ipintzekoak izaten dira, eta erabiltzaileak eskatu behar du jartzea. Horrek bere autonomia mugatzen duela zehaztu dute.
∞Lotura duten albisteak:
- Kiroldegiko igerilekua handitzeko lanak geldituta daude, proiektuan aldaketa bat izan dela-eta (2020-01-29)
- Igerileku berrian irisgarritasuna bermatzeko arrapala jartzea aztertzeko eskatu du EH Bilduk (2020-01-24)
-
Asteon hasiko dituzte Olaizaga kiroldegiko igerilekua handitzeko lanak (2019-11-12)
-
Aldundiak 463.000 euro jarriko ditu Olaizaga kiroldegiko igerilekua handitzeko proiektuan (2019-01-31)
- Aita Agirre birgaitzeko proiektua egin zuen arkitektuak egingo du Olaizagako igerilekuak handitzekoa ere (2018-06-12)
- Olaizagako igerilekuak handitzeko proiektuaren erredakzioaren lizitaziorako deialdia zabaldu du Udalak (2018-03-09)
- Aldundiak 510.000 euro jarriko ditu Aita Agirre Kulturgunea birgaitzeko egitasmorako (2017-09-1