Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, 206.600 euro inguru bideratuko dituzte ur-parkea egiteko. Lanen lizitazioa irekita dago eta behin esleitutakoan, bi hilabeteko epea izango du esleipena lortzen duen enpresak lanak bukatzeko. Aire libreko igerilekuen denboraldia hasterako lanak bukatuta egotea aurreikusten dute udal arduradunek. Ur-parkeak izango duen itxura aurreratzen duen infografia ere zabaldu du Udalak (goiko argazkian). Mintxetako igerilekuen atzealdean eraikiko dute, mahaiak eta parkea dauden inguruan, pasiaran ibiltzeko eta Mugertza krosean erabiltzen duten ibilbideari inolako kalterik egin gabe, eta igerilekuko funtzionamendu normalari eragin gabe. Bertan, hortaz, umeak urarekin jolastu eta dibertitzeko "jolas-gune, familiar eta freskagarri bat" sortuko du Udalak, mundu guztiak parte hartu ahal izateko modukoa, gune irekia eta sarbide librekoa izango baita.
• Ume, familia eta gazteentzako hiru gune 250 metro koadrotan
Parkea ume eta gazteentzako izango da eta uraz baliatzen diren 25 joko irisgarri eta interaktiboz osaturik egongo da, aipatzekoak dira, besteak beste: kuboak, kainoiak, txorroak…. Guztira, 250 metro koadroko azalera izango du eta hiru gune ezberdin egongo dira. Lehenengoa umeentzako izango da eta uraren formetan oinarrituko da; bigarrena, aldiz, familientzako izango da eta familia osoak parte hartzeko gune aktibo bat izango du. Azkenik, hirugarren gunea gazteei zuzenduta egongo da eta ur kantitate handiagoz osaturiko jokoak izango ditu. Zentzu horretan, aipatzekoa da ere, kontsumituko den ur kantitatea ez dela handia izango, ur hau, tratatu ondoren, berrerabili egingo baita.
Udalak azaldu du Mintxetako igerilekuak eta inguruko espazioa erakargarriagoa egiteko eta erabilera handitzeko asmoz egingo dutela ur-parkea, "Elgoibarko ume eta gazteen aisialdia bultzatzen jarraitzeko helburuarekin eta legealdi planean hartutako konpromisoari jarraituz".