Aita Agirre kulturguneko areto nagusian izan zen ekitaldia (beheko argazkietan), eta jende asko batu zen, udazkenean onartu nahi duten lege honek ekarriko dituen aldaketen nondik norakoak ezagutzeko.
• EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PSE-EEk onetsi dute hezkuntza ituna. Nola baloratzen duzu akordio hori?
Hezkuntza mundutik nator, eta hezkuntzan beti eman izan zaio garrantzia adostasunari. Beraz, argi ikusi genuen Gobernua osatzen genuen alderdiez gain, saiatu behar genuela besteengana iristen eta akordio zabalago bat lortzen. Seguruenik ez da egongo gizartean hezkuntzak beste garrantzia duen gairik. Osasuna edo ekonomia ere oso alor mardulak dira, baina hezkuntzaren egitekoa da pertsona onak heztea, elkarrekin biziko diren pertsonak eta profesional onak izango direnak; alegia, mediku onak, ekonomilari onak edota mekanikari zein elektrikari onak. Ez da erraza izan, alderdi politikoen artean harremanak ez direlako konplizitate-harremanak, baina poliki-poliki, bakoitzak berea mahai gainean jarriz eta leialtasunez lortu dugu akordioa, zeinak bi atal dituen: batetik, etorkizuneko balizko legearen oinarriak daude, eta bestetik, datozen 12 urtetan Hezkuntzak jarraitu beharreko bidearen irizpideak. Nire ardura orain da Legebiltzarrak onartu duen dokumentua lantzea, eta alderdi politikoekin mantendu beharreko leialtasuna, konplizitatea eta elkarlana mantentzea.
• Legebiltzarraren %90 batek begi onez ikusi du ituna eta alderdi politikoen onespena badu, baina STEILASetik (Hezkuntzan gehiengoa den sindikatutik) ohartarazi dizuete hori bezain garrantzitsua dela hezkuntza eragileekin adostasunak bilatzea. Zer duzu esateko?
Beraiekin ere lan egin beharra dago. Hemen garrantzitsuena da itunak baduela legebiltzarraren %90aren onespena, baina orain tokatzen zaigu beste hainbat eragilerekin egotea, haiei entzutea, gure azalpenak ematea eta adostasunera heltzea. Hemen aipatu nahiko nuke egon zela hezkuntzarako greba deialdi bat, baina testua aurkeztu zenean bertan behera utzi zutela. Beraz, horrek esan nahi du testu hori ez dela hain deserosoa eta badaudela elementu batzuk beraientzako ere erakargarriak izan daitezkeenak. Akordioa zabaltzeko lanketa egingo dugu.
• Zeintzuk dira hezkuntzaren erronka nagusiak?
Ikaslea izatea gure ardatza eta iparra; norabidea. Ikaslea erdigunean jartzea da erronka nagusienetarikoa. Bestetik, ikastetxeak ahalduntzea. Gure babespean 1.222 ikastetxe dauzkagu, era askotakoak, eta lortu behar dugu bakoitza ahalduntzea, zuzendaritza edo zuzendariaren figura indartuz. Horrez gain, hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa behar dugu, eta hemen gurasoak oso garrantzitsuak dira. Irakaslegoaren hasierako formazioa eta bizitza osorako formazioa ere elementu garrantzitsuak dira, eta alor horretan erreforma bat jarriko dugu martxan, irakaslegoa formatu dadin. Euskararen eta beste hizkuntzen arteko orekaren gaia ere hor daukagu, eta aztertu beharko dugu nola indartu hizkuntza-proiektuak ikastetxeetan. Aipatu dut lehen ikastetxeak ahaldundu egin behar direla, eta horrek esan nahi du ikastetxe bakoitzak eduki behar duela bere hezkuntza-proiektua, eta horren barruan, hizkuntza-proiektua ere bai. Hizkuntza-proiektu horrek ikastetxe bakoitzaren errealitateari erantzun behar dio, desberdina delako Gipuzkoako, Bizkaiko edo Arabako ikastetxeetako euskararen errealitatea. Gobernantza deszentralizatua ere elementu garrantzitsua da guretzat; hau da, nola sartzen den udaletxeen figura. Aspektu horretan Elgoibar eredugarria da, eta dagoeneko osatuta dago hezkuntza-batzordea, eta herriko ikastetxeak Udalarekin elkarlanean ari dira hainbat gauzatan. Hezkuntzak eta udalek gune amankomun asko dituzte, euskararen gaia esaterako, segregazioarena... Horiek elkarrekin lantzea ezinbestekoa da.
• Zeintzuk izango dira Hezkuntza Lege Berriak ekarriko dituen aldaketa nabarmenenak?
Lehenik eta behin esan nahi dut egun daukagun legeak ia 30 urte dituela; 93koa da. Egoera holistikoago bat ekarriko du, jasoko dituelako sistema osoko ikastetxeak, baldin eta balore batzuk betetzen badituzte lege berri honen baitan. Azken batean, lege berriak gertuko erantzun bat emango dio ikasleari, ikastetxearen ahalduntze prozesu baten bitartez.
• Sare publikoaren eta itunpekoaren arteko dikotomia gainditzea izan da hasieratik jarritako helburu nagusietakoa. Lortuko al da?
Hori prozesu bat da eta ez da gauetik egunera gaindituko, baina argi daukagu zerbitzu publiko bat eman behar dugula, ikuspegi juridiko desberdinak eduki arren. Horrek esan nahi du ikaslegoari erantzun behar zaiola, nahiz ikastetxea publikoa edo itunpekoa izan. Oreka zaindu behar da, alegia, ikastetxe guztiek erantzun beharko diote lurralde horretako zaurgarritasun egoerari proportzio berean. Hau da, ez da posible ikastetxe batek zaurgarritasun handiagoa edukitzea besteak baino. Lege honek garrantzia emango dio zaurgarritasun hori orekatzeari, eta horretarako ezinbestekoa da Udalak ere inplikatzea. Kontuan hartu behar da ikasleak ikastetxean bere denboraren %8 eta %15 bitartean pasatzen duela. Horrek esan nahi du ordu asko ematen dituela ikastetxetik kanpo, etxean, kalean, hezkuntza ez arautuan... horregatik garrantzitsua da musika eskolan, kirolean edota aisialdian ere lanketa egitea. Heziketa integral batean, herriko ume guztiak elkarrekin giza legez bizi daitezen lortu behar dugu.
• Jaiotze-tasa behera doa, eta hemendik urte batzuetara, Elgoibarren bertan eta beste zenbait herritan ere, ikastetxe bakarrarekin nahikoa izango dela uste dute hezkuntzako hainbat eragilek. Itunpekoen ala publikoen alde egingo du kasu horretan Hezkuntza Sailak?
Ez da bata ala bestea. Gauza asko hartu behar dira kontuan; hasteko, gizarteak berak zer nahi duen, baina egokiena izango litzateke biek erantzutea herriak dituen beharrei, ardura berberekin. Nolabait esateko, diru publikoarekin kontatuko duten ikastetxe guztiek erantzun beharko diote sistemari, era berdinean. Ikusiko dugu datozen urteetan nola garatzen den gizartea, zer gertatzen den jaiotze-tasarekin, eta horren baitan hartuko dira erabakiak, baina beti izango da lankidetza landuz.
• Segregazioa aipatu duzu lehenago. Zer dakar lege berriak ikasleen matrikulazio orekatua ziurtatzeko? Nola bermatuko da inklusioaren printzipioa?
Erkidego osorako plan bat prestatzen ari gara hori gainditzeko, Katalunian egin duten antzera. Neurri asko hartu dira horretarako, baina hein batean izango da herriaren zaurgarritasun egoerari herriko ikastetxeen artean erantzutea, Elgoibarren kasuan, bi ikastetxeen artean. Aztertu beharko da zein den egoera eta nola erantzun ahal izango zaion. Ez dira atzerritarrak soilik hartzen kontuan; badaude baita ere behar bereziak dituzten ikasleak edo gaitasun handia dutenak... ikuspegi asko hartu behar dira kontuan eta bi ikastetxeek erantzun beharko diete behar horiei ardura berdinekin. Zaurgarritasun guztiak kontuan hartuta, modu berean erantzungo diete herriko ikastetxeek. Horretarako hainbat neurri hartuko dira, besteak beste, matrikulaziorako gune bakarra jarriko da herrian. Etorkizunerako ezinbestekoa da giza kohesioa jorratzea.
• Ume euskaldunak segregatuta daude ikastetxe askotan atzerritarrak euskalduntzeko, baina ikusi da euskaldunak erdalduntzen direla modu horretan. Zer planteatzen du Hezkuntza Lege Berriak euskara eta euskaldun identitatea indartzeko?
Ez da bakarrik kontuan hartu behar ikastetxeak egoera horri ematen dion erantzuna, baita ere kontuan hartu behar da nola lantzen den euskararen normalizazioa ikastetxetik kanpora. Kirolean, esaterako, monitoreak euskaldunak diren ikusi behar da, musika edo dantzako irakasleak... hemen ere erakunde ezberdinen arteko elkarlana ezinbestekoa da.
ELKARRIZKETA osorik BARREN aldizkariko 1245. zenbakian -PDF-