Beste urte batez 7 eta 10 urte arteko ikasleek beraien robotak, bideo-jokoak edo asmakizun teknologikoak sortzeko, diseinatzeko, eraikitzeko eta programatzeko aukera izango dute; eta horretarako, honako erreminta hauek erabiliko dituzte: Lego Wedo, Lego Mindstorms, Makeblock, Fischertechnik, Jimu, Neuron, Microduino, Arduino, Littlebits, Scratch, Kodu, Code, Unity, Tinkercad, e.a.
Tailerrak barikuetan izango dira (17:00-18:30) Makina Erremintaren Institutuan. Parte hartu nahi duten neska-mutil elgoibartarrek 36 euro ordaindu beharko dituzte hileko, Udalak diru-laguntza emango baitie, eta Elgoibarkoak ez direnek, aldiz, 66 euro hileko.
Elgoibarko Udalak Doplay enpresarekin elkarlanean antolatu du Robotika Dibertigarria ekimenaren seigarren ekitaldia.
• Segurtasun neurriak
Aurten, COVIDaren ondorioz bizi dugun egoera kontuan izanik, hainbat neurri hartu dituzte antolatzaileek. Alde batetik, Robotikako hiru klase bakarrik izango dira eta bakoitzean 10 neska-mutiko eta monitore bat izango dira. Ume bakoitzak ordenagailu bat, robot bat, mahai bat eta aulki bat izango ditu (mahai guztien artean segurtasun tartea izango da). Halaber, ume guztiek maskara jantzita joan beharko dute, eta eskuak garbituko zaizkie gel hidroalkoholikoarekin. Klasearen iraupena murriztu egin dute, atsedenik egon ez dadin, eta umeak elkarrengana hurbil ez daitezen. Azkenik, hiru gelak betetzen baldin badira, 15 minutuko aldea egongo da klase bakoitzaren sarreraren eta irteeraren artean. Horrela, sarrerak 17:00, 17:15 eta 17:30ean izango dira era irteerak: 18:30, 18:45 eta 19:00etan.
• Izen ematea
Izena eman nahi dutenek irailaren 28era arte egin ahal izango dute honako estekaren bitartez: http://bit.ly/robotikaelgoibar
Bestalde, Bizilabe egitasmoaren baitan, urritik maiatzera garatuko den “Izan asmatzaile eta ikertzaile” tailerreko bigarren txandan oraindik 4 plaza libre gelditzen dira DBH1 eta DBH2ko ikasleentzat. Izena emateko: https://labur.eus/u47WG