Meka Lanbide Eskolan ere bueltan dira ikasleak

Barren.eus 2020ko eka. 1a, 14:24

Joan den astean hasi zuten aurrez aurreko hezkuntza-jarduera Meka Lanbide Eskolan; Ezenarroko zein Albitzuriko eraikinetan, ikasle gutxi batzuk izan badira ere. Ikastetxeko zuzendari Alberto Iturricastillok eman dio BARRENi hartu dituzten neurrien berri.

Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxeei emandako segurtasun protokoloa jarraitzen dihardute Meka Lanbide Eskolan. Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa da, hidrogelarekin garbitu behar dituzte eskuak eraikinetan sartzerakoan eta uneoro bi metroko distantzia mantendu behar dute besteekiko. Neurri horiez gainera, ikasleek eta irakasleek lurrean eta hormetan dauden geziak jarraitu behar dituzte eta igogailu, komun eta ikasgeletan aldi berean egon daitezkeen lagun kopuruak mugatu eta zehaztu dituzte.

"Lehen edo bigarren ebaluaketak gainditu gabe dituzten ikasleak bakarrik dira tailerreko klaseetara itzuli direnak, aukera hori eman nahi genielako horiei, eta gainerako ikasleak online jarraitzen ari dira klaseak. Goizean, hezkuntzako klaseak eta arratsaldean Lanbideko ikastaroak ematen ditugu. Lehen astean, denak kontuan hartuta, goizekoak eta arratsaldekoak, 130 ikasle izan ditugu Meka ikastetxeak dituen bi erakinetan", azaldu du Alberto Iturricastillok.
Mekako zuzendariak dioenez, probaldi ona izango da irailera begira. "Irailerako ez daukagu ezer ere argi. Hiru hilabete falta dira eta gauzak asko alda daitezke. Egoerak bere horretan jarraitzen badu, antolatzeko modu berria topatu beharko dugu, ikasle erdiak gelan eta beste erdia on-line, bakoitza bere etxetik, eta gero txandatu... horrelako irtenbideak aztertzen ari gara, eta horrela klaseak eman ahal izateko teknologia ezartzen ari gara ikasgeletan, prest egoteko. Ikusiko dugu irailean zer gertatzen den".

2020 06 01 meka lanbide eskola elgoibar termometroa a iturricastillo

2020 06 01 meka lanbide eskola elgoibar tailerrean2

2020 06 01 meka lanbide eskola elgoibar tailerrean ikasleak

2020 06 01 meka lanbide eskola elgoibar tailerra autoan