Magnet-Erakarri proiektu pilotua jarri du martxan Hezkuntza Sailak Herri Eskolan

Barren.eus 2020ko urt. 21a, 16:09

Hezkuntza Sailak Magnet–Erakarri proiektu pilotua martxan ipini du Euskal Autonomia Erkidegoko lau ikastetxetan, eta horietako bat izan da Elgoibarko Herri Eskola.

 Hiru urteko iraupena dauka Magnet-Erakarri egitasmoak, eta berari esker, hainbat helburu lortzeko asmoa dauka Elgoibarko Herri Eskolak: Metodologia berriztatzaileetan oinarria duen Hezkuntza Proiektua orokortzea eta sistematizatzea, kalitatean eta ekitatean oinarritutako proiektua lantzea, ikastetxearen identitatea sendotzea, inguruan erreferentziazko proiektu bilakatuz, eta eskolak bere inguru sozioekonomiko eta kulturalarekin duen lotura naturala sendotzea.
  • Herri Eskola eta IMHren elkarlana
Proiektuaren gakoa da, eskolaren eta inguruko bikaintasuneko erakunde baten artean elkarlana gauzatzean; kasu honetan, Herri Eskola eta IMHren artean. Elkarlan hori Zientzia eta Teknologia alorrean gauzatuko da. Ildo honetan, zientzia eta teknologiarako bokazioa sustatuko dute, eta zientzia, teknologia, matematika eta ingenieritza gaiak uztartuz, oinarrizko eta zeharkako konpetentziak garatuko dituzte.
Herri Eskolak bere helburuak lortzeaz gain, aliantzazko erakundeak ere onurak jasoko ditu, kasu honetan IMHk. Besteak beste, lortuko dute beren gizarte-konpromisoa aktiboki sendotzea, eskolarekin hezkuntza-esperientzia berritzaileak eraiki eta garatzea, sarean lan egitea eta hezkuntza-komunitateari eta gizarteari, oro har, euren ezagutza ematea.
  • Euskadiko lau ikastetxe publikotan
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lau ikastetxe publikotan jarri zuen abian Magnet-Erakarri programa, 2019-2020 ikasturte honen hasieran. Gizarte-aniztasun handia duten eta, zenbaitetan, inguruko familientzat erakargarri gertatzen ez diren ikastetxeei zuzendutako ekimena da. Gasteizko Barrutia eta Angel Ganivet ikastetxeetan, Bilboko Basurto Ikastetxean eta Elgoibarko Herri Eskolan ari dira gauzatzen egitasmoa.
Hezkuntza Saileko arduradunen berbetan, ekimen honen asmoa da, ikastetxe horiek dinamizatu eta biziberritu, eta horiei prestigioa ematea, ospe eta izen handiko zenbait erakunde lagun dituztela. Ikastetxeak, erakunde horiekin batera, beren inguruan erreferentzia izango diren ikastetxe bihurtzeko arituko dira lanean. Ikastetxeak eta erakundeak indarrak batuko dituzte hezkuntza komunitatearen alde. Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuaz gainera, honako hauek dira lankidetzan arituko diren beste erakundeak: Artium Museoa, Makina Erremintaren Fabrikatzaileen Elkartea (AFM) eta EiTB.