10.600 ikasle aurkeztu dira aurten selektibitatera, unibertsitatera sartzeko probara, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta, Jon Ander Gonzalez galdakaoztarrak lortu du guztietan notarik altuena: 9,84. Bigarren notarik onena, eta Gipuzkoako altuena, eskuratu du Paul Rojo elgoibartarrak, 9,74ko notarekin. Hiru eguneko azterketa maratoian urduri egon zela aitortu duen arren, ez dela selektibitaterako bereziki prestatu dio. "Ikasgaiak errepasatzeko saioetara joan naiz ...eta kitto!". Izan ere, lanak aurrez zituen eginak eta 9,58ko batez besteko notarekin aurkeztu da selektibitatera.
Txikitatik argi izan du medikuntza ikasi nahi zuela eta karrera hori ikasten hasteko 12,3ko batez besteko nota eskatzen dute, selektibitatekoa, batxillerrekoa eta hobekuntza probakoa kontutan hartuta. Paul Rojok ez du arazorik izango nahi dituen ikasketak egiteko. Datorren urtean Leioako fakultatean medikuntza ikasten hasteko asmoa du. Argi du medikua izan nahi duela eta neurologia alorra gustatzen zaio bereziki.