Gurasoentzako formazio saioak antolatu ditu Elgoibarko Udaleko Ongizate Sailak, Herri Eskolako Kalamua Guraso Elkartearekin, Ikastolako Guraso Kontseiluarekin, Haurreskolako gurasoekin eta Institutoko “Arreiturrekoak” Guraso Elkartearekin lankidetzan.
Prestatu duten lehen saioan seme-alaben heziketan eta zaintzan gurasoentzat interesgarriak izan daitezkeen gaiak landuko ditu Alberto Ruiz de Alegria psikologoak. Eguen honetan, urtarrilaren 25ean, eskainiko du hitzaldia Kultur Etxeko hitzaldi gelan, 18:00etatik 20:00etara. Hitzaldia gazteleraz izango da eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.
“Familiaren bilakaera eta heziketa gakoak babeserako faktoreak garatzeko” du izena Alegriak eskainiko duen berbaldiak.
Alberto Ruiz de Alegria arrisku egoeran edo babesik gabe dauden nerabeak laguntzeko Izan Norbera fundazioko zuzendari teknikoa da. Fundazio horrek Donostiako “Hiritar Merezimenduaren Domina” jaso berri du.
Honako gaiak izango dira hizpide Elgoibarko saioan:
- Gure seme-alabak hezi behar ditugun familia-ereduarekin alderatuta, gure gurasoek hezi zituzteneko familia-ereduari buruzko hasierako oharrak.
- Seme-alabak nerabezarora iristen direnean familian gertatzen diren aldaketak.
- Familia-bizitzari nortasuna ematen dioten ezaugarriak.
- Heziketarekin bete behar diren hiru funtzio.