Liburutegiak ikasteko baldintza egokiak eskaintzen dituen jakiteko galdeketa egingo du Jaikik

Barren.eus 2018ko urt. 11a, 15:01

"Sistemak gero eta ikasketa luzeago, konplexuago eta garestiagoak eskatzen dizkigu eta aldi berean baldintza eskasetan ikastera behartu", diote Jaiki gazte tadekoek. Gazteen baldintzak hobetzeko bide horretan lehenengo mugarria Elgoibarko liburutegian jarri dute eta galdeketa bat zabaldu dute herriko gazteek liburutegiaz duten iritzia jasotzeko.

Jaiki gazte taldeak aurtengo kanpaina jarri berri du abian eta horren baitan lehen pausoa herriko liburutegiaren baldintzen hobekuntza bilatzea da. "Elgoibarko ikasleok, eta ikasle ez garenok, beharra dugu baldintza egokidun liburutegi bat izateko. Gaur egun betetzen ez diren baldintzak: zaratak, ordutegia oso mugatua izateak, egutegiak, erosotasun faltak… beste herri edo leku batzuetara jotzera behartzen baitu jendea”, adierazi dute.

Hobekuntzen zain geratu gabe eraldaketak beren esku hartzea erabaki dute eta epe laburrean konponbideak martxan jartzea da beren asmoa, “Elgoibarko gazteok ikasteko leku duin bat izan dezagun”.
Horretarako, herriko gazteek liburutegiari buruz duten iritzia jaso nahi dute, hortik abiatuta konponbideak martxan jartzeko. Beraz, sare sozialetan galdeketa bat zabaldu dute herritarrek betetzeko. Besteak beste, honako gaien inguruko galderak batzen ditu galdetegiak: ordutegia eta egutegia, ikasteko eskaintzen duen erosotasuna, isiltasauna eta dauzkan baliabideak (ordenagailuak, liburuak...), eta azkenik, zer hobetu daitekeen galdetzen dute.

Honako lotura honetan bete daiteke Jaikikoen galdeketa.
Aurten egin asmo dituzten proiektuak azaltzen dituzte Jaikikoek honako bideoan: