Besteak beste, ikasturte honetan herriko gune berdeak eta parkeak aztertu dituzte Elgoibarko ikasleek, Agenda 21 egitasmoaren baitan. Bide batez, animalia inbaditzaileen gaineko azterketa ere egin dute (liztor beltza...). Egoeraren diagnostikoa egin ostean, ikasleek Udalbatzan aurkeztu dituzte ateratako ondorioak, baita euren eskaera eta proposamenak ere. Besteak beste hauek: espezie inbaditzaileen kontrol zehatza egitea eta, horretarako, herritarrek osatutako lan-taldeak eratzea; liztor beltzari aurre egiteko neurriak hartzea; Udalak aurrera eramaten dituen lanetan bertako espezieak lehenestea; adin guztietara egokitutako parkeak eraikitzea; eta txorientzat jantokiak eta habiak ipintzea.
Joan zen urteko pleno txikian egin zituzten proposamenen eta Elgoibarko Udalak hartutako konpromisoen jarraipena ere egin du Debegesak, eta udalbatzarraren amaieran jakinarazi dituzte horiek.
Ane Beitia alkateak egin duten lanagatik eskertu ditu ikasleak, eta aitortu du zenbaitetan gaztetxoek eginiko proposamen eta kontu hartzeek koloreak atera arazi dizkiela udal agintarie.
Egitasmo hau aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du eta ikastetxeek Elgoibarko Udalaren, Ingurugelaren eta Debegesa Garapen Agentziaren laguntza dute.
Udalbatzarraren ostean hamaiketakoa eskaini diete ikasleei udaletxeko arkupeetan eta ikastetxeetara itzuli dira gero.