Altzolako tren geltokia mantentzearen aldeko sinadurak batzen hasi dira 'Tren geltokia bai' plataformakoak

Barren.eus 2023ko api. 27a, 19:15

Altzola-Elgoibar Geltokiaren aldeko Herri-Plataformak Altzola auzorako tren geltoki berri bat eskatzen du, sarbide duina izango duena eta Mendaro zein Toletxegain moduko geltokiek izaten duten geldialdi kopuru bera duena.

Asmo horren aldeko sinadura bilketa kanpaina hasi dute, eta plataformako kideak Kalegoen plazan izan ziren atzo arrasaldean, sinadurak batzen eta herritarrei gaiaren inguruko azalpenak ematen. Gainera, Kiroldegiko langileek egin zuten elkarretaratzearekin bat egin zuten plazan, eta batzuek zein besteek agerian laga zieten euren haserrea plenoa ospatzetik udaletxetik irten ziren ordezkari politikoei.

Plataformak salatu du erakunde publikoak Elgoibarko Altzola auzoa tren zerbitzurik gabe lagatzeko "saiakeretan" ari direla 1997tik hasita. Gogora ekarri dute gaur egun, egunero igarotzen diren 32 trenetatik, 8 baino ez direla gelditzen Altzolako geltokian. "Hori gutxi ez, eta inork ez du geralekua behar bezala mantentzen, eta ia ezinezkoa da geltokiraino iristea mugikortasun murriztua duten pertsonentzat: geltokira iristeko 47 eskailera igo behar dira", adierazi dute ohar bidez.
Eusko Jaurlaritzak Arriaga eta Altzola auzoak lotuko dituen tunel bat eraikitzeko proiektuaren berri eman zuen, joan de urtarrilean, eta plataformakoek diote egitasmo horrek Altzola auzoa geltokirik gabe utziko lukeela, "behin betiko". Plataformakoek diote Jaurlaritzak ez diola jaramonik egin Elgoibarko Udaleko aholkularitza teknikoari, "Udalak 2022ko maiatzaren 22an adierazi baitzuen trena Altzolako bizilagunentzako garraio publiko aukera bat dela, benetako aukera bat, eta teknikoki posible dela geralekua metro batzuk lekualdatzea eta Altzolako geltokia kontserbatzea".
Plataformak Altzola auzorako tren geltoki berri bat eskatzen du, "sarbide duina" eta Mendaro eta Toletxegain bezalako geltokien geldialdi kopuru bera izango duena. Eskaera hori egitearekin bat, bigarren mailako herritartzat ez hartzeko ere eskatu dute.
Jaurlaritzak Altzolan Tren geltoki berria egiteari buruz duela hamar urte esandakoak ere gogoratu diuzte. "2013an, Eusko Jaurlaritzak Altzola auzoan tren geltoki berria egiteko konpromisoa hartu zuen Elgoibarko herritarrekin, Arriaga eta Altzola auzoen artean eraikiko den tunel berriarekin batera. Hamar urte pasa dira, eta eraikiko da tunela, baina geltokia ez". Iñaki Arriola Garraio sailburuaren hitzek, “Trena Debabarrenaren bizkarrezurra bihurtuko dugu”, baliorik gabekoak direla uste dute, eslogab bat gehiago, euren berbetan.

“Trena Debabarrenaren bizkarrezurra bihurtuko dugu”. Iñaki Arriola Garraio sailburuaren baliorik gabeko hitzak. Eslogan bat gehiago. "Eusko Jaurlaritzari hitza bete dezala eskatzen diogu", esanez amaitu dute eskaera.

2023 04 26 altzola bai sinadura bilketa elgoibar BARREN mahaia

2023 04 26 altzola bai sinadura bilketa elgoibar BARREN

2023 04 26 altzola bai sinadura bilketa elgoibar BARREN biak

2023 04 26 altzola bai sinadura bilketa elgoibar BARREN pankartagaz

∞Lotura duten albisteak: