Ailegatu da Lesbosera Elgoibarren batutako errefuxiatuentzako arropa

Barren.eus 2016ko mar. 4a, 07:54

 

 

Elgoibarko 2-dean B-rotuz taldekoek jakinarazi dutenez, joan den astelehenean ailegatu zen Greziako Lesbos irlara Elgoibarren batu zituzten neguko arropak. Material hori, gerretatik ihesi dabiltzan errefuxiatuentzako kanpalekuetan banatzen ari dira boluntarioak.

Elgoibarren jasotako neguko materiala iritsi da bere helmugara. 13.000 kilo material batu zituen Elgoibarko 2-dean B-rotuz taldeak eta bi trailerretan sartu ostean, joan den urtarrilaren 29an hasi zuen Lesboserako bidea. Bernardo Ecenarro enpresaren laguntzaz, Valentziako portutik itsasoz egin zuen Greziarako bidea bi kontainer-ontzitan, eta joan den astelehenean iritsi zen Lesbos irlara, aurreikusi zutena baino bi aste beranduago. Lesbosen lanean diharduten boluntarioek Elgoibarren jasotakoa kamioitik ateratzen ari diren unearen bideoa bidali diete 2-dean B-rotuz taldekoei (ikus Facebook-en). Era berean, dagoeneko hasi direla materiala errefuxiatuentzako kanpalekuetan banatzen esan diete. Besteak beste, lo zakuak, mantak, kanping dendak, Negu-neguko arropak eta oinetakoak, toailak, euritako pontxoak eta zirak.
Gerretatik ihesi dabiltzan errefuxiatuentzako neguko materiala jasotzeko deialdi espontaneoa egin ostean batu zuten material guzti hori Elgoibarren, urtarrileko hamar egunetan. 60 boluntario inguru aritu ziren lanean materiala batu, sailkatu eta antolatzen.

Era berean, 25 denda eta tabernatan itsulapikoak jarri zituzten garraio gastuei aurre egiteko. Denera 2.123 euro batu zituzten. BESA (Bernardo Ecenarro) enpresak hartu dituenez bere gain garraio gastu guztiak, itsulapikoetan batutako dirua zertan erabili taldekideen artean erabaki behar dutela jakinarazi dute 2-dean B-rotuz taldekoek.

•Itsulapikoetan batutako dirua Idomenira

Era berean, 2-dean B-rotuz taldekoek 25 denda eta tabernatan itsulapikoak jarri zituzten garraio gastuei aurre egiteko. Denera 2.123 euro batu zituzten. BESA (Bernardo Ecenarro) enpresak hartu dituenez bere gain garraio gastu guztiak, itsulapikoetan batutako dirua zertan erabili taldekideen artean erabaki dute. Jakinarazi dutenez, diru hori Idomenira bidaliko dute, Grezia eta Mazedoniaren arteko mugara. Koro Gabiola eta Iñaki Iraola taldekideek Lesbosen egin zuten egonaldian ezagutu zituzten bi boluntariok eramango dute diru hori Idomeniraino, Giada Degrandik eta David El Alvaricok, hain justu ere. “Idomenin ikusten dituzten beharrei, beraiek egokien ikusten duten moduan erantzungo diote”, azaldu dute. 2-dean B-rotuz taldeak Facebook sare sozialean duen orrialdean unean uneko jarraipena egingo diete David eta Giadari, dirua zertan gastatzen duten berri emanez. Idomenin emango dituzten pauso guztiak jarraitzeko aukera ere izango da Facebook-eko beste orri honetan

Idomenira ailegatzen ari diren errefuxiatuen egoera “larria eta gogorra” dela ohartarazi dute 2-dean B-rotuz taldeko kideek. “13.000 pertsona inguru omen daude han, Europarantz hasi duten bidea jarraitu ezinda, mugak itxi dituztela-eta. Premiazkoa da han pilatzen ari diren errefuxiatuei laguntza helaraztea: janaria, kanping dendak, lo egiteko zakuak, e.a. Badakigu laguntza hori ez dela bizi duten egoerari irtenbidea emateko nahikoa, momentuko laguntza txiki bat baizik. Mugak zabaltzea da bizi duten egoerari irtenbidea emango diona”, azaldu dute. Ildo berean, herrialde arteko muga fisiko horiek zabalduta, Europako jendarteak ihesean datozen gizaki guzti horiei bihotzak ere zabaldu beharko lizkiekeekela uste dute talekideek.

 

Lotura duten albisteak:

2016 03 04 elgoibarko laguntza lesbosen