Taldea sortzerakoan hainbat helburu zituztela buruan adierazi dute Loreak emakume taldeko kideek: Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lan egitea, bizi diren komunitateko baliabideen berri izan eta erabiltzen ikastea, egunerokotasunean erabili ahal izateko gaitasun pertsonalak garatzea, bizi diren komunitatean parte hartu, emakumeen ahalduntzerako teknika eta prozesuak sustatu, lege-aholkularitza jasotzeko bitartekoak jarri, giza eskubideen aldarrikapena eta prestakuntzan eragitea (alfabetizazioa, teknologia berriak, e.a.).
Loreak elkartea “bertakoen aberasgarri” izango dela adierazi du Elgoibarko alkate Ane Beitiak. "Beraiek eta euren ingurukoak bertakotzeko tresna izango da elkarte hau", esan du alkateak. Zabaltzen-Sortu erakundeak sustatu du taldearen sorrera, eta Elgoibarko Udalaren laguntza ere izango du, Gizarte Ongizate sailarena, han zuzen ere. Elgoibarko Emakumeen Kontseilua ere gertu izango dute, laguntzeko prest.
Munduko hainbat bazterretatik etorritako etnia desberdinetako emakumez osatua dago Loreak. Momentuz sei lagunek osatzen dute taldea, baina zabalik dituzte ateak. Zabaltzen-Sartuk Arregitorre 6. zenbakian duen lokalean elkartzen dira eta barixakuetan egiten dituzte asteko bilerak, 10:00etatik aurrera.
Elgoibarko biztanleriaren %9 direla migratzaileak jakinarazi du Elgoibarko Udalak. Era berean, datorren astean ospatuko den Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira antolatu dituzten ekintzetan kulturartekotasuna izango dela protagonista aurreratu dute udal arduradunek.