Ez zuten korrika egin eta ez ziren gaztetxoen atzetik ibili haiek harrapatu nahian. Buruhandien ondoan joan ziren bide guztian, herritarrek jakin zezaten minduta zeudela. "Zapatuan gazte kuadrilla batzuk pasatu egin ziren", esan dute. Buruhandien kontrako erasoak jasan behar izan zituztela azaldu dute: irainak, kolpeak, txistua botatzea... "Sekula ez dugu horrelakorik bizi izan, buruhandiok oso gaizki pasatu genuen, erlojuari begira egon ginen, kalejira noiz amaituko zain. Jasanezina izan zen". Buruhandi berriak erabiltzen hasi direnetik nabaritu dute aldaketa. Handiagoak dira, baldarragoak eta mugimendua mugatzen diete. "Disneyko pertsonaien burua erraz kentzen genuen, atzetik norbait etortzen bazitzaigun jotzera, buelta eman eta berehala ikusten genuen nor zen, baina orain mugatuago gaude eta ume batzuk gure gainetik jartzeko aukera ikusi dute", azaldu dute Erbuzetik, Elgoibarko Erraldoi, Buruhandi eta Zezenzikleten konpartsatik.
Hain bukatu zuten minduta, martitzenean protesta egin zutela. Korrikarik ez egitea erabaki zuten, eta uste dute eraginkorra izan zela beraien jokabidea. "Ume txikiak bakarrik geratu ziren kalejiran, eta haiekin jolasean ibili ginen. Beldurra galtzeko oso baliagarria izan zen".
• Jokoaren arauak
Jokoaren arauak argi daudela uste dute eta horiek errespetatzea eskatu dute. Buruhandi barruan sartzen den pertsona kareta soinean duenean buruhandi bilakatzen da, eta izen hori dauka, Basajaun, Basandere, Tartalo edo Mari. "Barruan doan pertsonarenganako irain pertsonalak ezin ditugu onartu". Buruhandi eta gazteen arteko harremana zirikatzean oinarritzen da, baina errespetuz: "Hori da jokoa, pixkat buruhandia zirikatu eta korrika ihes egin, berak ez harrapatzeko, baina zapatuan 50 lagunen artean inguratzen gintuzten eta korrika ere ezin genuen egin". Spray-a botatzen zietela ere salatu dute, eta potea bera ere bai.
• Herritarren iritziak
Aurrera begira, herritarren iritziak jaso nahi dituzte. Beraiek ondo pasatu nahi dute, eta herritarrek beraiekin gozatzea, baina horretarako herriak zer nahi duen jakin behar dute. Instagrameko kontua (erbuze.elgoibar) eta elgoibarkoerraldoiak@gmail.com helbidea jarri dituzte herritarren eskura, iradokizunak jasotzeko. Hausnarketa egin eta maiatzeko erraldoien topaketa festa izan dadin saiatuko dira. Era berean, norbaitek konpartsako kide izan nahi badu, 16 urtetik gorakoentzat ateak zabalik dituztela gogorarazi dute.