Ospitale eta anbulatorio atarietan protestatzera deitu dute biharko Osakidetzako sindikatuek

Barren.eus 2022ko abe. 21a, 10:29

Herritarrak protestetara deitu dituzte Osakidetzako sindikatuek: SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGTk. Osakidetzako lantoki guztien atarietan elkartzeko deia egin dute biharko.

11:00etan, ospitale atarietan, eta 13:00etan, anbulatorio aurreetan. "Osasungintza publikoa defenda dezagun" leloarekin kartela ere atera du Mendaron herritar talde batek, mobilizazioekin bat eginez.

Osasun sistema publikoaren aldeko protesta ziklo bat hasiko dutela iragarri zuten astelehenean Osakidetzako sindikatuek. "Eusko Jaurlaritzaren propagandak ezin du ezkutatu jada herritarrek lehen pertsonan jasaten ari diren egoera", zabaldu zuten. Osasun Saila osasun sistema "desegiten" ari dela salatu dute behin eta berriz sindikatuek, eta lan baldintzak "etengabe eskasten". Negoziatzeko prest daudela esan diote Jaurlaritzari, baina borondaterik ez dutela ikusten salatu dute. Osakidetzako zuzendaritzak jarrera inposatzailea duela diote eta Mahai Sektoriala informatzeko bakarrik erabiltzen duela; ez dagoela negoziatzerik alegia: "Osakidetza bere bide orriari jarraitzen ari da, alde sozialeko aldarrikapenei jaramonik egin gabe, eta existitzen ez den negoziazio baten itxurak egiteko erabiliz Mahai Sektoriala".

2022 12 21 osasungintza publikoa kartela mendaro

∞Lotura duten albisteak: