Azaroak 25 dituen aldiro, ohikoa da indarkeria matxistan aparteko arreta jartzea, baina begi bistakoa da emakumeen kontrako indarkeria ez dela mugatzen egun bakarrera, eta horixe azpimarratuko dute han-hemen: matxismoak egunero iluntzen dituela milaka andreren bizitzak.
Elgoibarren, 18:00etan elkartuko dira bihar Kalegoen plazan, indarkeria matxistaren biktimak gogoratu eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako neurriak eskatzeko. Plazan egun horretarako prestatutako manifestua irakurri ostean, manifestazioa egingo dute Errosario kalean gora, Kalebarren plazaraino eta hortik Aita Agirrera joango dira, ordubete inguruko ekitaldia bertan bukatzeko. Elina Chauvetek Mexikon 2009an hasitako zapata gorrien artelan kolektiboaren moldaketa ere egingo dute Elgoibarren, indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeak gogoratzeko, eta kale instalazioa egin ahal izateko zapata gorriak batzeko deialdia egin zuten. Batutako zapata horiek gaur iluntzean jarriko dituzte Kalegoen plazan eta bihar arratsaldeko ekitaldia amaitu bitartean egongo dira plazan.
Mendaron, berriz, ekintza berezia egingo dute bihar, hilak 25, Herriko Enparantzan, 19:30ean, Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeak deituta. Indarkeria matxistaren biktima izan direnak zenbaki huts izan ez daitezen, haien inguruko informazioa bildu dute beren blogean (http://mendarokotratuon.blogspot.com) eta herritarrei eskatu diete egoera horien inguruan gogoeta egin eta salatu edo eskatu nahiko luketen hori idazteko eta plazara eramateko, hildako pertsona bakoitzeko plazan jarriko duten zapata gorri bakoitzaren ondoan jartzeko mezuok.
∞Lotura duten albisteak:
- Azaroaren 25aren harira antolatu dituzten ekintzen berri eman dute Elgoibarko eta Mendaroko Udalek (2022-11-03)