Antolatzaileek uste dute Euskal Herrian elkarbizitza hizkuntzatik ere eraiki daitekeela, kultura ezberdinetako herritarrak harremanetan jarrita, eta horretan ari dira. Hilean bi arratsaldetan batzen dira 'Auzoko Familiak' egitasmora batutako familiak, nahi dutenerako, eta, jakina, ez daude lotuta irteera denetara joatera. Izena emateko Elgoibarko Izarrara, ikastolara edo Herri Eskolara deitu behar da, eta doan da izen-ematea.
Euskaratik, elkarbizitzarako zubi bat eraikitzera dator Auzoko Familiak egitasmoa. Euskal Herrian ehun hizkuntzatik gorako aberastasuna dugula jasota dauka Euskaltzaleen Topaguneak -Elgoibarren bertan ere hogeita bost bat hizkuntza hitz egiten dira-, eta egitasmo honen bidez, hizkuntza horiek guztiak zaindu eta kohesio-hizkuntza euskara izatea nahi dute Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarrak. Batetik, justizia sozialekoa delako, gauza jakina baita eskubide linguistikoak errespetatzea herritarron berdintasun sozialerako oinarrizkoa dela, eta aldi berean, migratzaileari geuk geuretzat nahiko genukeen harrera errespetuzkoa egitea guztion erantzukizuna dela; eta bestetik, bada beharra ere, euskaldunok behar ditugulako hiztun horiek guztiak gertu eta ulerkor, Euskal Herrian euskara erabiltzea ohikoa eta erosoa izango bada. "Euskararen biziberritzea etorriko da jatorri eta hizkuntza askotariko herritarron parte-hartzetik eta elkarlanetik", dio horren harira Topaguneak ere.
Sistema eraikita dugun moduagatik eta ditugun aurreiritzi askotarikoengatik, baina, bi mundu bereizi gara askotan euskaratik gertu bizi garenak (Auzokideak) eta urrun bizi direnak (Auzotarrak), eta modu naturalean nekez ematen diren topaketak modu artifi zialean sortu beharra dago gaur gaurkoz. Horixe da egitasmo honetan egiten dutena, dinamizatzaile baten laguntzarekin. "Hilean bi arratsaldez elkartzen gara aisialdiaz gozatzeko; elkarrekin egoteko eta elkar ezagutzeko. Geuk proposatu ditugu hasierako irteerak, baina horiek bidea eman dute modu natural batean plan berriak sortzeko. Hori da bilatzen duguna; hori da nahiko genukeena: jendeak aukera ematea honi, elkarrengana gerturatuta denok irabazten dugulako", zehaztu du Gorane Ayesta Atxutxiamaikako hezitzaile eta Auzoko Familiak egitasmoko dinamizatzaileak. Helburua interesgarria ezezik aberasgarria dela inork gutxik jarriko du zalantzan, baina hala ere, ez du hasiera erraza izan egitasmo honek, eta ez da izan preseski antolatzaileak saiatu ez direlako. Zailtasun horiek ere badira zerbaiten adierazle.
Maialen Gurrutxaga Euskara zinegotziak egin du atzera begirakoa. Auzoko Familiak egitasmoa martxan jartzeko herriko ikastetxeen konplizitatea bilatu zuten. Antolatu zituzten bi aurkezpen saio, bat euskaraz eta bestea, gaztelaniaz. "Gaztelerazkoak izan zuen harrera handiagoa, bereziki kanpotik etorritako familiena. Horrek begi-bistan utzi zuen honelako egitasmoen beharra. Kanpotik datozenak gure gizartera egin nahi ditugu, egunerokoan eroso senti daitezen egin lan. Baina horrek, ezbairik gabe, bi aldeen konplizitatea eskatzen du. Elgoibartarrok aktibo izan behar dugu". Gurrutxagak ezinbestekoa ikusten du inklusio hori, erakundeetatik haratago, "keinurik txikienetara" trasladatzea, "elgoibartarrek zein elgoibartar berriek jarrera aktibo hori izatea eta elkarlanerako prestutasuna erakustea". Horretarako balio du egitasmo honek bere ustez. "Kanal bat da, baina gu gara protagonista, eta protagonismo hori nahi izatea eta sustatzea da gakoa".
Nolanahi ere, badago joera bat migrantea joera txar askoren errudun jotzekoa, Amelia Barquin Kulturarteko hezkuntzan adituak Elgoibarko Hezkuntza Mahaiak egindako saio baten harira agerkari honi ohartarazi bezala. "Beste hizkuntza askorekin bizi da euskara Euskal Herrian eta egoera gutxiagotuan dagoenez, badago joera bat pentsatzekoa kanpotik iristen direnek arriskuan jar dezaketela euskara eta euskal kultura, baina datorren hori errespetuz jasotzen badugu, errazago ulertuko du hark guk transmisioarekin dugun kezka, eta gu geu ere konturatuko gara hain ezberdin ikusten ditugunak ez direla hain ezberdin", zehaztu du Ayestak. Egitasmora batu den ama marokoar bati entzundakoa ekarri du akordura. Arabiera hizkuntza hegemonikoa da euren herrialdean, baina hemen gutxiengoan daude, eta ama horrek kontatua da euren seme-alabek badutela etxeko hizkuntza baztertu eta gaztelaniaz egiteko joera. "Kezka bera partekatzen badugu, nola ez dugu ba enpatizatuko?", gehitu du horren harira Ayestak.
• Familientzako deia
Euskaratik urrun dauden hiru familia eta euskaratik gertu dauden lau familia jardun dira elkartzen azkeneko urtebetean, baina erakarri
nahiko lituzkete familia gehiago ere, eta hasita daude antolatzaileak zabalkundea egiten, ikastetxeen bidez. Helburua berbera izango da:
harremanak sortzea eta sendotzea batzuen eta besteen artean, bizikidetza espazioak sortzea, eta aniztasuna aberastasuna dela ulertzea eta
zabaltzea. Horretarako, jarraituko dute planak egiten. Batzuetan, sotoan, erreferentziazko espazioan, elkartuko dira, jolasteko, hitz
egiteko edo familiek duten beste edozein beharri erantzuteko. Beste batzuetan, irteerak egingo dituzte herriko baliabideak ezagutzeko (Makina Erremintaren museoa eta Lizagasar bisitatzen izan dira aurten) edota herriko beste eragile batzuekin ekintzak lotzen saiatuko dira, eta era berean, ahaleginduko dira baita ere kanpotik etorritakoek eurek euren kultura ezagutarazteko ekintzak antolatzen ere.