Larrialdiak kudeatzeko ikastaroa emango du Urbizik

Barren.eus 2022ko aza. 9a, 16:17

Urbizi urpekaritza klubak larrialdiak kudeatzen ikasteko ikastaroa antolatu du, Udal Kirol Patronatuarekin elkarlanean, azaroaren 18rako.

Larrialdi egoera batean bizitza bat salba dezaketen teknikak eta jakin beharrekoak irakatsiko dituzte ikastaroan, besteak beste, Heimlich maniobra, bihotz-biriketako suspertzea edo oinarrizko bizi-euskarria nola erabili. Azken horrek, oinarrizko bizi-euskarriak, biziari eustea eta izan daitezkeen ondorioak ahalik eta txikienak izatea helburu duten jarduketen multzo bati egiten dio erreferentzia. Hortaz, barnean hartzen ditu honako alderdiak: hil edo biziko urgentzia-egoera identifikatzea, larrialdi-zerbitzuei abisatzea eta BBBrako teknikak aplikatzea.

Ikastaroan parte hartzeko ez dela aldez aurreko ezagutzarik behar zehaztu dute antolatzaileek. Doakoa izango da, baina hamabost lagunentzako plazak dituztela ohartarazi dute. Izena emateko bidali mezu bat urbiziurazpikoelkartea@gmail.com helbidea edo jo Olaizaga kiroldegiko harrerara.